Julen MURGOITIO
Diskrezioz, mesedez
Diskrezioz hasi dute jelkideek urte berria. Diskrezioz ere amaitu urte zaharra. Amen. Omen. Diskrezioz egina dutenez ez dugu besteok zehatz jakiterik, beharbada horixe helburua! Diskrezioa, zer gauza handia izan behar duen horrek! Hain behar du zabala izan berba sinple horrek ezkutatzen duen eragin eremua! Baina diskretua denez ez dugu jakiterik. Amen. Imajinatzen nago politikoak diskrezioz jarduten; leihorik ez duen gela iluneko mahai bakarraren alde batean, denak jesarlekuaren izkina berean pilatuta, ahopeka, xuxurla, murmurioan... hainbeste diskrezioz non euren eskupeko egunkarietan ere ez den horren berri izpirik azaltzen, iragarki laburren sailean ere ez. Gaurkoa informazio-autopisten gizartea dela esango digute gero! Bai zera! Autopistatan pilo, batzuetan autorik apenas den arren, baina informazioa? Ez, diskrezio-gizartea da gaurkoa, baina ez zabaldu hau hortik, mesedez; kontua da gizarteak jakin ez dakiela, diskrezioagatik!
Ni, ematen ez badut ere, oso sineslea naiz, fededuna izatera iritsi gabe, betiere. Sinetsi egiten dut jelkideak diskrezioz ari direla, eurek ez badakite ere. Sinetsi ere Gobernu zentrala diskrezioz ari dela subiranistekin, Katalunia Europan estatu izateko bidea atontzen, nahiz eta gero abiadura handiko bagoian elkarri hitzik esan gabe egin estreinazko bidaia. Ez du ardura, funtsezkoa diskrezioz gauzatzen ari da. Sinetsi ere Israel diskrezioz ari dela Hamasekin, Palestinak berezko lekua izan dezan munduan. Eta Siriako gobernua oposizioarekin, Ekialde hartan kristautasuna zabaltzeko. Eta Kutxabankeko jelkideak EH Bildurekin maileguak zabal arintzeko. Eta Bilboko alkaterik onena Kukutzakoekin eraikin handiagoa autogestiona dezaten. Ameriketako Estatu Batuak ere diskrezioz ari dira, ez dituzte ba urruneko ezkontza zibilen kontra piloturik gabeko dronak erabiltzen! Bai, hain izan behar du handia diskrezioak!
Jakin-minak hiztegira bultzatu nau, kontzeptuak argitzera. Diskrezioa, «aritzeko neurritasun eta zentzua». Aritu, beraz. Neurritasuna, «gehiegikeriatik urruntzen denaren jokabidea». Gehiegikeria, beraz, besteona. Zentzua, «ongia eta gaizkia bereizteko ahalmena». Ogia eta gazta bereizi, bai. Tira, hiztegian ere: demontre, «harridura adierazteko hitza». Baina ez zabaldu, diskrezioz.