KRONIKA | AUTOBUSEZ
Euskal Herri osoko euskalki eta banderak, norabide berean
Konpainia guztietako autobusak ailegatzen ziren, kolore guztietako banderak eta euskalkiak. Urruñako autobuseko lagunekin Bilboko Alde Zaharrera sartu orduko harrapatu gintuen hango giro sanoak. Koilarekin musika egiten zuen talde baten inguruan adin guztietako jendea zebilen kantari eta dantzan. «Hau da gure herria, zoragarria», zioten bermut goxoa eskuan.
Maider IANTZI
Herrirak emandako datuen arabera, inoiz baino autobus gehiago bildu ziren atzo Bizkaiko hiriburuan. 300 baino gehiago guztira, Ipar Euskal Herritik, Nafarroatik, Gipuzkoatik, Arabatik, Bizkaitik, eta baita urrunagotik ere, Aragoitik, Madrildik eta Kataluniatik puntu berera etorriak. Autobusak ordu ezberdinetan iritsi ziren, pilaketarik ez egoteko, eta erdigunean, semaforo batean edo ahal zuten lekuan jendea utzi ondotik, Zorrotzaurreko aparkalekuan utzi zituzten ibilgailuak.
Urruñakoan egin genuen guk bidaia, Pausuko biribilgunetik abiatuta. Bertan, «Atxilotuak askatu» pankartarekin elkarretaratze txiki bat egin zuten, berotze ariketa gisa. Han ziren Josu eta Marga Hondarribiko bikotea eta Axun Tolosako laguna. Bikoteak kontatu zigunez, Maxi semea Antartidan dute zientzialari lanetan. Itsasontzian dabil eta arazoak ditu ordenagailuan dokumentu batzuk irekitzeko. Horregatik, atzoko kronika Worden bidaltzeko eskatu zien gurasoei. «Badugu lana Internetetik kopiatu eta itsasten!». Autobus batek 21.00etan jasoko zituela eta bertze batek 02.00etan komentatzen ari ziren. «Hau gazteentzat, eta, bestea, berriz, `viejunoentzat'». Ondoan zuten neskatila irriz ari zen «viejunos» horregatik.
Argazki bat egin zuten Pausuko zubian, «Euskal presoak etxera!» oihuekin, eta segidan zerrenda pasatu. Barre egin zuten, orrialdean 20 bat izen zeudelako idatzita eta azkenean 40 lagun baino gehiago etorri zirelako. «Beno, hala hobeki!».
«Lasterketa» gasolindegian
Autobusera goititu eta ondoan manifestaziora lehendabiziko aldiz zihoan emakume bat tokatu zitzaigun. «Iaz ez nintzen joan eta penaz gelditu nintzen; horregatik aurten izena eman dut autobusean, hitzordura hutsik ez egiteko. Ez dut senide edo lagunik kartzelan, ezta politikan ere, baina hemen egon behar dudala sentitzen dut», azaldu zigun. Ez zuen inor ezagutzen, baina berdin zion.
Giro ederra egon zen hasieratik, biribilgunetik bertatik, eta abiatu orduko abesten hasi ziren batzuk, Donostia Eguneko kanta. Gizon batek kantu liburua zeraman, baina joaneko bidaian ez zuten erabili. Eztarriak berotu gabe zituzten, gose ziren.
Donostiako gasolindegi batean geldialdia egin genuen, Ipar Euskal Herriko gainerako autobusekin elkartzeko. Dozena bat denera: Biarritz-Angelu-Baionako bi, Uztaritzeko bat, Hazparneko bertze bat eta Azkaineko bi. Autobus batetik bertzera argazkiak egiten jolasten ziren, eta, ateratzerakoan, «lasterketa» bat egin zuten txantxetan, buruan nor joango.
Konturatu orduko iritsiak ginen jada Bilbora. «Bilbo hurbil dago -aipatu zuen Donibane Garaziko autobusean etorri zen Pruden Sudupe urruñarrak-. Arazoek kezkatzen gaituzten pertsonak etorri gara; iaz ere hemen ginen. Gure asmoa azkena izatea da, asmoa edo gogoa bederen». Bardozeko Patxi, Cristiane eta bi Helenek lehendabiziko aldia zuten: «Azkeneko aldian ezin izan ginen Bilbora etorri, baina Baionako manifestazioan izan ginen eta ahal dugun guztietan izaten gara», kontatu zigun lagun taldeak.
Lehen aipatu dugun bezala, gose zen jendea eta autobusetik jaitsi eta Alde Zaharrerako bidea hartu zuen. Bat baino gehiago ibilgailua gelditu aitzinetik zutitua zen. «Zer ari zara zutik?». «Ikusten dudan lehendabiziko ostatuan sartuko naiz!». Liluratuta gelditu ginen Hiruko Gunean sortu zen giroarekin. Giroak dantzara bultzatzen zintuen ezinbertzean, era naturalean. Autobuseko lagunek bermut berezia prestatzen duten txoko batera eraman gintuzten -Ander tabernara- eta luxua izan zen: edari goxoa txirbilekin eta konpainia hobea.
Iruñeko autobusean etorritako Joseba de Lera ere jai giroan ibili zen, lagun anitz bezala. «Bazkaldu eta poteatu egin dugu. Alde Zaharrean sartzen naizenean galdu egiten naiz...», aitortu zuen. «Urtero etortzen gara. Ea azken aldia den. Baina estatuen mugimenduak ikusita, harrituko ninduke». Jarraian topatu genituen Xabier, Josu, Jon, Amaiur, Gorka eta Lizarrako kuadrilla eder bat, Nafarroako bandera handi batekin oinez. «Gazteen bi autobus etorri gara eta helduen beste bi». Banaketa garbia. Agertu zutenez, Lizarraldetik jende gehiago animatu dela nabaritu zuten. «Gazte pila hartu dute preso eta gazte gehiago etortzen da».
Manifestazioaren buruaren ondoan, 17.30ak baino lehentxeago solas egin genuen Bortzirietako jendearekin. Hiru autobus etorri ziren Etxalar-Igantzitik, Lesakatik eta Beratik. «160 bat lagun, eta autoz ere bertze anitz, haurrak dituztenak-eta», kalkulatu zuen urtero-urtero etortzen den Angeltxok.
Autobusean etorri ziren senide batzuk ere -Piti, Igorren izeba, «zerbait mugituko den esperantzaz beti»- eta urrutiagoko lagunak, izar gorri bat eta marra gorri-horiak dituen bandera zeramaten Aragoiko Purna gazte elkartekoak. «Cuchas bloke independentistaren barnean dago Purna», azaldu zuen Adrianek. Elkartekoek ez baina berak lehen aldia zuen, eta, aitortu zigunez, ia negarrez hasi zen, hunkituta, etorbidetik igarotzean espaloietatik jendea txaloka ikusita.