GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

MANIFESTAZIO JENDETSUENA

Etorkizunaren martxa

Jon MAIA Bertsolaria

Nola da posible hainbeste eta hainbeste jende biltzea, atzo Bilbon euripean bildu ginen bezala? Jendeak aurrera egin nahi du, aurrera egiteko beharra dauka, aurrera egiten duela sentitu. Eta atzo jende asko elkartu gara Bilbon, asko eta askotarikoak. Denak norabide batean: aurrera. Psikologikoki, sentsazioetan, irudipenean dena geldirik dagoen sentipenaren kontra-haizeari aurre eginez, aurrera. Pausoak eman, baita fisikoki ere. Elkartu, ibili eta irtenbideak bilatu. Geldirik dauden erraldoien aurrean bat egin eta erraldoi agertu, parez pare jarri eta aurpegira esan: gu, jende hau guztia, elkartzen bagara zuek bezain handiak gara. Eta zuek geldirik zaudete, baina gu mugitzen ari gara eta zuek, geldi egoteagatik, iraganean zaudete, eta gu, mugitzen ari garelako, etorkizunera goaz.

Hemen inork pausorik emango ez balu, denok geldirik geundeke. Hemen aldaketarik egongo ez balitz, dena berdin legoke. Eta geldirik eta berdin, iraganaren sinonimo dira. Eta hemen, iragana, minaren eta sufrimenduaren sinonimo da.

Bulegoetan, erakundeetan egiten ez bada, kalean egin beharko da. Jendeak, jendarteak oro har, garai berri bat nahi du, eta jendeak badaki horretarako pausoak eman behar direla. Denok dakigu: kartzela politika errotik aldatzea da eman beharreko aurrerapauso handi horietako bat. Ez da bakarra, baina ezinbestekoa da. Eta jendeak atzo pauso txiki asko eman zituen, aurrerapauso handi horren bila.

Jendeari adierazteko bideak eman behar zaizkio, eta, ematen zaizkionean, jendeak erantzun egiten du. Atzokoa jende askok emandako erantzun arduratsua izan zen. Oso arduratsua. Jendeak bakea, justizia eta aro berri bat bilatzeko modu parte hartzaileak behar ditu. Eduki behar ditu. Jendeak prozesu politiko honetan parte hartzeko obligazioa soilik ez, eskubidea ere badu. Eta atzo obligazio eta eskubide hori bete zuen jende askok eta askok. Euskal Herriko nonahiko etxe zokotik irten eta Bilbora joan da jende itsaso bat, parte hartzera, iraganean ainguratutako gerraontzi erraldoiei bultzatzera.

Prozesu politiko honek aurrera egin dezan, giza eskubideen alde egon diren parte hartzeetan handiena izan da atzokoa. Ez dago instituziorik ez Euskal Herrian ez Frantzian ez Espainian atzokoa bezain ekarpen parte hartzailerik, jendetsurik, inklusiborik eta aurrera begirakoagorik antolatu eta gauzatu duenik.

Gure instituzio publikoek, gobernu desberdinek benetan gizarte hau iraganetik etorkizun berri baterantz eraman nahi badute, jendeak norabide horretan bultza dezan ekimenak antolatu eta gauzatu behar lituzkete: deialdiak, manifestazioak, foroak, herri-kontsultak... Baina ez da horrela, eta, beraz, norbanakook bilatu behar ditugu prozesu honi bultzatzeko moduak; gezurra dirudi. Jendartea arduratsuago ari da instituzioak baino, jokoan dagoena bere bizitza dela jakitun, etorkizun berri bat.

Atzokoa iragan gatazkatsu batetik etorkizun demokratiko batera pasatzeko martxa erraldoia izan da. Atzo iraganetik etorkizunerantz ibili ginen milaka eta milaka norbanako. Eta beste hainbeste eta askoz gehiago da, zalantzarik gabe, atzoko deialdiari erantzun ez zion arren pausoak emateko eta ikusteko irrikan dagoen jendea.

Atzokoa etorkizunaren martxa izan da. Mendekuaren eta gorrotoaren politikak gaindituta, gure seme-alabek gizarte sanoago eta justuago batean kantatuko duten martxa baten lehen nota.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo