GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

MANIFESTAZIO JENDETSUENA

Globo saltzaileak ere etorriko dira...

Miren AMURIZA Bertsolaria

Atzo goizean, preso bat bikotekidearen bisitarik gabe geratu zen. Bakarrik. Bere zeldan. Bakarrik baina irribarretsu. Ohean gora begira etzanda, amesten. Atzo tren gidari bat, txundituta geratu zen. Bidaiari bat, bi, hiru, berrogehita hiru, ehun eta hiru... Zenbat? Pentsatuko zuen. Zenbat irribarre eraman ote ditut bagoiotan? Atzo, herritar bi elkarrekin joan ziren manifestaldira. Bata, urteroko zita betetzera. Bestea, lehenengo aldiz. Atzo bai, elkarrekin joan ziren; elkarrekin hunkitu. Atzo arratsaldean, mutikotxo batek aitaren sorbalda tontorretik ikusi zuen jende oldea. Zenbat lagun! Oihukatu zuen. Hauek guztiek al daukate amatxo kartzelan nik bezala? Atzo kazetari batek atzamarrak dardarka zituen mobilizazioko kronika idaztear zegoela. Atzamarrak teklatuaren gainean askatu eta berez-berez hasi ziren idazten: itzela, itzela, itzela, itzela... Atzo, etxera itzuli bezain laster, guraso batzuek musu eman zioten semearen argazkiari. Habilen lekuan habilela, iritsiko al zaik gaur jaso dugun indarra! Atzo, Anbotoko Mari izar gorri batera igo zen hegaz. Hantxe eserita egon zen Bilbori begira. Atzo gauean, munduko alkaterik onenak katez aldatu zuen telebistan bere hiriko berri ematen hasi zirenean. Bertako lehendakaria, aldiz, lanean aritu zen: perretxikoak batzen, etxe berrirako kortinak aukeratzen... Auskalo! Hain da langile diskretua....

Guk, ostera, Bilboko kaleetatik harago doazen urratsak eman genituen bart arratsean. Gaur, indarberrituta esnatu gara; bihar-etzi itzuliko direla sentitzen baitugu. Sarrionandiak idatzi zuen legez iritsiko dira agian: «Tren bagoi pilo batekin, elefanteekin, lehoiekin, tximinoekin, pailazoekin, ezpata irensleekin, emakume bizardunekin». Eta orduan bai, Kolosala izango da. «Globo saltzaileak ere etorriko dira euren koloretako planetekin. Kolosala izango da».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo