Borja Goñi Ulibarri Euskaltegiko CGT-LKN eta LAB sindikatuen izenean
Irakasle perfektuaren bila
Izan ere, kalitateak «bezeroaz» egiten du berba. Gu «Ikasleez» mintzo gara, «Pertsonez» ari baikara. Hitz larriz.
Harrituta geratu ginen Bilboko Ulibarri Euskaltegiko langileok GARA egunkarian (2012/10/20) Patxi Agirregomezkorta gure zuzendariaren iritzi artikulua irakurrita. «Ikasleen matrikulek behera egitea legegintzaldi honetan (Patxi Lopezen gobernuarena) hartutako erabakien ondorio dira».
Ulibarri Euskaltegia ezaguna egingo zaio baten bati; izan ere, hainbat hedabidetan agertu zen notizia batek jira eta bira dezente eman zuen Sarearen olatuetan zehar. Gure harridurak, ordea, ez zuen Patxi Lopezekin zerikusirik izan, ezta Patxi Agirregomezkortak haren legegintzaldiari eginiko iruzkinekin ere. Artikulua argitaratu zen aste berean gure bost lankidek kaleratzeko gutuna jaso zuten, eta horixe izan zen, hain zuzen ere, gogo txartu gintuen arrazoia.
Hainbatetan entzun ditugu (edo horretaz konbentzitu nahi izan gaituzte) Euskal Herrian dagoen kooperatiben ereduak dituen onurak, bai arlo ekonomikoa indartzeko, bai langileen eskubideei dagokienez. Gurea kooperatibaren forma juridikoa hartu duen enpresa da, ez langileen eskubideak bermatzen dituena preseski. 12 bazkidek erabakitzen du 60 langile kontratatuta daukan euskaltegiak nolakoa izan behar duen arlo guztietan.
Honetan ere, 12 bazkide horiek erabaki zuten zeintzuk izango ziren gaur egun bizi dugun krisialdi honen ezaugarri latzenak bertatik bertara ezagutuko zituzten 24 langileen izen-abizenak. 24 pertsona, irakurle hori! Hilabete amaieran soldatarik jasoko ez duen 24 familia! Hala, zuzendariak kaleratzeak izango zirela jakinarazi zigunetik hona gertatu dena hitz batean laburbildu beharko bagenu, hiztegia hartu, erpuruaz «m» hizkia non dagoen kalkulatu eta hatz erakusleaz makabro hitza seinalatuko genuke hona ekartzeko.
Lehenengo eta behin, kontratu finkorik ez zuen gure 14 lankide/lagun ez-finko, zuzenean kalera. Zer gertatuko zen kontratupean zeuden eta sobera zituzten beste hamarrekin? Hara formula: euskaltegirako ezinbestekoak (The Good), ezinbestekoak ez ziren (The Bad), eta kalera joan behar zuten (The Ugly) langileen izen-abizenen zerrenda pasatu zioten elkarri. Zerrenda beltza, gustu pertsonalen araberakoa. «Erreferentea» izan nahi duen euskaltegiak (hala dator gure publizitatean) garai digitalean atzamarrez aukeratu ditu sobera dituen langileak.
Sona handia lortu duen tele-errealitate haren nominazio saioen antzeratsu. Gezurra balitz, barregarria. Lana galtzearekin zerikusia duenez, esan bezala, makabroa oso.
Hara emaitza: 55 urte dituen irakasle beteranoa, noiz eta krisi garai latz honetan; hainbat urtetan ordezkari sindikala izan den irakaslea; amatasunaz gozatzeko eskubidea duten bi irakasle; teknologia berriekin ondo moldatzen ez den beste bat, non eta irrati-kaseteak erabiltzen dituen euskaltegi batean; kalitatearen sistemari iruzkina egin zion beste bat, gure euskaltegia horizontaltasunean oinarritzen zela entzunda eztanda egin zuena; autoikaskuntza zentro bat martxan jarri zuen irakasleetako bat, autoikaskuntza zentro horixe euskaltegian jaitsierarik sumatu ez duen arlo bakarrenetarikoa (bakarra ez bada) izanik...
Horixe da «erreferentea» izan nahi duen euskaltegia. Jendea termino ekonomikoen arabera sailkatzen duen erreferentea. Lan erreforma berria darabilen euskaltegi erreferentea. Baliabide teknikorik gabeko gelak sustatzen dituen erreferentea. Guztietan erreferenteena.
Helduen euskalduntzean erreferentea izateko bide horretan, euskaltegietan Kalitate Sistema ezarri duen lehen(etako)a izan da gurea. Irakurleren batek entzunda izango ditu kalitate sistemen gaineko pasadizoak. Batzuetan onak, besteetan txarrak. Alde horretatik, suposatzen da kalitate sistemek enpresaren funtzionamenduaren bikaintasuna dutela helburu. Nork ez luke nahi, langile, bazkide zein enpresario, bere enpresa bikaina izatea? Hori bai, gauza bera al da langile, bazkide zein enpresario batentzat bikaintasunaren kontzeptua? Ezezkoan nago. Ez dakit bazkide edo enpresario baten ustez bikaintasuna kontzeptuak zer esanahi izango duen. Gurean, enpresario-bazkideek bilatzen dutenaz gain, kalitate-sistema erabili dute kaleratze horiek zuritzeko. Nahikoa arrazoi kalitate sistema horixe zalantzan jartzeko. Era berean, bertikaltasuna nabarmendu eta euskaltegian dagoen hierarkia ageriago geratu da. Burokrazia sartu da erraietaraino eta azken finean, langileok soldata berberaren truke, denbora luzeagoa sartu behar dugu lanean.
Gure esparrura etorrita, euskalgintza hain zuzen ere, bikaintasunak irakasteko moduarekin du zerikusia. Euskara irakasteko moduan dago zer hobetu. Horretan inbertitu behar da, eta ez ditxosozko Kalitatean. Didaktikan dago zer hobetu. HABEk eskaintzen dituen ikastaroez gain, bada aurrez aurre dugun problematika, eta problematika hori ikasleen motibazioa da. Hutsuneak betetzeko testuak dira arazoa. A, b, c erantzunak dituzten testuak dira arazoa. Klariona da arazoa. Ariketa analitikoak dira arazoa.
Aniztasunari erreparatu behar diogu, egungo ikaslearen profila oso bestelakoa baita trantsizio garaikoarenaren aldean. Izan ere, kalitateak «bezeroaz» egiten du berba. Gu «Ikasleez» mintzo gara, «Pertsonez» ari baikara. Hitz larriz. Alde horretatik, euskaltegietako irakasleok badakigu klasean ditugun 12 Ikasleen izaerak, ikasteko zailtasun/erraztasunak, jatorria, helburua eta abarrak ez direla berberak. Badakigu ez dela «bezero» hori existitzen; Ikasle pilo bat dago. Euskara ez da ingelesa, mesedez! Hala uste dugu, behintzat. Euskaldun bihurtu nahi duen Ikaslea motibatu behar dugu. Euskara akademia izatetik, gizartea euskalduntzea (eta ez tituluak ematen dituen McDonalds-a) helburu duen zentrora igaro behar dugu. Eta hori, nagusi jauna, ez da Patxi Lopezen politikaren errua. Zuk, Agirregomezkorta, aipatutako «euskararen ETTa» izan nahi ez badugu, ez dugu zertan izan. Gure Ikasleak akreditazioak, also known as tituluak, errazago lortuko ditu (hala nahi izanez gero), euskara- ren irakaskuntza errotik aldatuz gero; baina gurean, adibide bat jartzearren, ohikoa izan da aurreko ikasturtean lortutako akreditazioen ehunekoak ongietorria ematea ikasturte berriari. Ahalik eta tituludun gehien lortu.
«Aurrekoan ondo/txarto egin duzu. Baietz hobetu?» Erdietsi ezean, ez zara irakasle perfektua izango, eta gu irakasle perfektuaren bila gabiltza.
Langileon Batzarrak hainbat proposamen helarazi dio enpresari, kaleratze horiek ez gauzatzeko. Beste euskaltegietan egin denaren moduko proposamen estralurtarra. Hara formula magikoa: Guztion artean lana banatu eta soldata murriztu araudiak eskaintzen dituen tresnak erabilita. Gizatasuna eskatu diogu Patxiri. Agirregomezkortari. Hark Patxiri (Lopezi) eskatutako berbera. Baina ez, langile perfektuaren bila dabilen euskaltegiak Sergio Leoneren mozorroa jantzi eta The Good, The Bad and The Ugly nor diren erabakita du. Berdin dio krisialdi latz honetan bidean nor uzten dugun. 55 urteko familiadun laguna bada ere. Euskaltegi erreferenteak irakasle perfektuaren bila segituko du kosta ahala kosta. Koska ahala koska.