GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

PIRINIOAK Jarduerak

Neguko hiru sormen lan berri Zurizako mendi xumeetan

Ibon Azkune, Joseba Larrañaga eta Iñigo Andolak bide berri bana zabaldu dute Ralla de Alano, Punta Taxeras eta Rincon de Alano mendietan: «Haizea» (400 m, 80º, M5), «Nile» (400 m, 80º, M6+) eta «Egunsentian» (350 m, III/4+).

p048_f01_199x185.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Nahiz eta azken egunotako elurteak oso garrantzitsuak izan diren, neguaren hasiera, Pirinioetako mendilerroari dagokionez, nahiko lehorra eta epela izan da. Baldintza «kaskar» horiek, alabaina, ez dute sormen lanetan jarduten duten pirineista batzuk kikiltzea lortu. Eta horren isla da Ibon Azkunek, Joseba Larrañagak eta Iñigo Andolak osatutako hiruko sokadak Zurizako haranean eginiko lana. Neguaren hasieratik hil honen 6ra arte (hots, 16 egunean) hirukote horrek hiru bide berri zabaldu ditu.

Beste era batera esanda, Azkunek, Larrañagak eta Andolak beste trilogia bat egin dute. Eta beste bat diogu, iaz protagonista hauek Aspeko haranean trilogia bat lortu zutelako. Oraingoa, aipatu dugun bezala, Zurizan izan da. Lehena, Larrañagak eta Andolak Ralla del Alano mendian (2159 m) zabaldu zuten «Haizea» bidea (400 m, 80°, M5). Hori abenduaren 22an izan zen, eta lau egunera, Azkunek eta Andolak Punta Taxeras mendian (2012 m) «Nile» marra (400 m, 80°, M6+) sortu zuten. Eta hirugarrena, hilaren 6an; Larrañagak eta Andolak Rincon de Alano mendian (2357 m) «Egunsentian» bidea (350 m, III/4+) marraztu zuten.

Irakurtzen den legez, ohikoak ez diren mendietan zailtasuna duten neguko jarduerak izan dira. Garaiera handia ez duten mendiak dira, baina sormen lanerako prest, gogotsu eta oso motibatuta dagoen edonork eginiko lanarekin saria jaso dezake. Eta hori aipatu dugun hirukoteari gertatu zaio. Andolak GARAri adierazi dioenez, oso argi dute zeren bila joaten diren: «Eskuarki, lauzpabost lagunez osatutako talde bat ibiltzen gara. Ezohiko eremuetan jardutea gustuko dugu; hots, hain ezagunak ez diren mendietan lan berri bat egiten saiatzen gara. Adibidez, iaz Aspeko mendietan gertatu zitzaigun, eta denboraldi honetan Zurizakoetan. Rincon de Alanon marra bat zabaldu, lagunei horren berri eman, eta haiek galdetu ziguten ea non ote zegoen mendi hori. Bada, hain zuzen ere, mendi ezberdinen atzetik joaten gara. Hori bai, saiatzen gara era dotore batean lan egiten. Mendi ezberdin bat, agian xelebrea, ipar horma bat, ukitu edo igo gabeko marra bat eta kito!».

Bada, asmo horretan jardun dute lerrootako protagonistek. Baita lortu ere. Izan ere, hiru bide berri hiru mendi «txikitan» sinatu dituzte. Proposamenak hor dira, ez dira muturrekoak eta ez daude eremu urrun eta isolatuetan. Beste era batera esanda, gertu daude, oso eskura: «Harritu gaituena da mendi multzo horretan gauza gutxi zabalduta ikustea. Guk, bederen, balizko marra gehiago ikusi ditugu. Nahiz eta egundoko mendiak ez izan, guk oso gustura jardun dugu. Eta, gainera, zabaltzen aritu garen bakoitzean ez dugu inorekin topo egin. Eta hori kristorena da».

«Haizea»

Pirineista hauek eginiko lehendabiziko proposamenarekin hasiko gara. Abenduaren 22an, loteria egun horretan, nolabaiteko sari preziatua egokitu zitzaien. Ralla de Alano mendian, Larrañagak eta Andolak «Haizea» bidea (400 m, 80°, M5) zabaldu zuten. Eta saria diogu, sokada horrek parez pare izan zituen baldintzak kaskarrak izan zirelako: «Aste horretan 2.000 metrora euria egin zuen. Oso baldintza txarrak zeuden, baina saiatzea erabaki genuen. Pixkanaka joan, metroak eskalatu eta tarte mistora heldu ginen. Atzera egiteko gogorik ez genuenez, mistoko luzeak gainditu eta zuzen egin ordez ezkerretik bukatu genuen bidea».

Bi zati dira, beraz, «Haizea» marrak dituena. Elurra eta izotza behealdean eta mistoa erditik gora: «Marra polita atera zaigu, eta mistoko luzeak nahiko iraunkorrak dira zailtasunean. Misto polita dela esan dezakegu. Zuzen bukatzea posible zen, oso diedro ederra eta logikoa ikusten zelako. Baina, tira».

«Nile»

«Haizea» zabaldu eta lau egunera, Andola berriro martxan zegoen. Oraingoan, soka Azkunerekin lotu zen. Punta Taxeras mendia izan zen helburua. Eta egun horretan sortutako bide berriak «Nile» izena hartu du: 400 m, 80°, M6+. Andolak azaldu digunez, bigarren jarduera horretarako tenperaturak behera egin zuen: «Pixka bat hoztu zuen. Hala ere, berriro dudatan ginen; hots, ikusitako marra eskalatzeko gai ginen ez genekien. Eta berriro dena ondo atera zitzaigun. Hasierako goulottea eskalatu, eta goialdean murru gogor eta tente bat zain genuen».

Murruaren aurrean zeudela, jarraitu eta lehen mistoko luzeari ekin zioten. Zaila zirudien, eta, hein handi batean, estutu egin behar izan zuten: «60 metroko luze zoragarria eskalatu genuen; beste behin, zailtasunean iraunkorra. Ez ziren horietako bi pauso gogor soilik; luze osoan arreta handiz eskalatu behar da. Ondoren, artesi estu bat genuen aurretik. Gogorra zirudien, eta hala izan zen. M6+ gradua du luze horrek, eta oinekin ondo eskalatu behar da arroka oso leuna baitzegoen. Kristoren luzea atera zen; oso artesi ederra. Finean, mistoko bi luze horiek oso onak dira».

«Egunsentian»

Hirugarren eta azkenengo proposamena hil honen 6an iritsi zen, Rincon de Alano mendian. Hirugarren bide berria, baina, beste biekin alderatuta, ezberdina. Izan ere, den-dena, elur eta izotzezko proposamena da. Zerua urdin bai, baina bero handia egun horretarako: «Mendia oso polita iruditu zitzaigun, gailurretik Zuriza zein Echoko haranak ondo baino hobeto ikusten direlako. Paretaren aurrean jarri ginenean harritu egin gintuen marra hori zabalik ez zegoela ikusteak. Iparraldeko horma batean eta marra eder bat eskalatu gabe zegoen!».

Nahiz eta bero handia egin zien, baldintza onak izan zituzten. 40°ko elurrezko aldatsak gainditu, eta bidearen saltsan sartu ziren: «Bi goulotte on ditu. Egin zuen beroarekin beldur ginen, baina goulotteak ondo zeuden. Tenteak dira, eta izotz ona egokitu zitzaigun».

hiru marra

Hirukote horrek hiru bide tekniko berri zabaltzea lortu du duela gutxi; «Haizea» (80º, M5), «Nile» (80º, M6+) eta «Egunsentian» (III/4+) hain zuzen

zuriza

Ralla de Alano, Punta Taxera eta Rincon de Alano izan dira Ibon Azkunek, Joseba Larrañagak eta Iñigo Andolak aukeratutako mendiak

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo