GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

«Magic Surf»: 68 urterekin surf egiten jarraitzen duen emakume baten historia bizia

Gwynedd Haslock 68 urterekin surf egiten duen emakume britainiarra da. Orain, «Magic Surf» izeneko dokumental batean bildu dute bere ibilbidea eta laster mundu osoan ikusgai izango da. Ausardiak eta itsasoarekiko maitasunak bat egiten duten istorioa da berea. Glenn Hall surflari irlandarra munduko 34 lehiakide onenekin lehian izango da.

p052_f02_148x112.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Pasa den astean, Europan olatu gainean zutik egin ziren lehen urratsen inguruan mintzo ginen, eta Ingalaterrako surfaren historiaren zati bat ekarri genuen atal honetara.

Europako surfaren historia Ingalaterran hasten da, eta ziur aski, Europako surf museo garrantzitsuena ere britainiarra izango da, Museun of British Surfing delakoa. Bertan aurkitzen da azken hamarkadetako Europako surfaren historiaren zati garrantzitsu bat.

Beraz, gaurko honetan ere Ingalaterran jarraituko dugu, baina iraganak eta orainak bat egiten duten eremua ukituko dugu. Alegia, kondaira bizia den surflari bat ezagutuko dugu: Gwynedd Haslock.

«Magic Surf»

Gwynedd Haslock britainiarra da, 68 urte ditu eta egun oraindik surf egiten du Cornwalleko hondartzetan. Rodney Sumpter zuzendariak 1950eko hamarkadatik surf egiten duen emakume kementsu honen istorioa kontatu nahi du.

Horretarako dokumental interesgarria egin du, Haslocken bizia eta itsasoan egindako urratsak biltzen dituena. «Magic Surf» da pelikularen izena eta jada egina dago, baina ekoizteko behar duten dirua biltzen ari dira, egindako lana munduko edozein lekutan eskuragarri egon dadin.

Hasiera batean, Haslock txanperoarekin ibiltzen zen, alegia xafla meheko taula baten laguntzaz aparrak hartzen zituen etzanda. Garai hartako argazki, idatzi eta familiako oroitzapen ugari bildu ahal izan ditu zinemagileak. Euskal Herrian ere 1970eko hamarkadan jende askok erabiltzen zuen txanperoari «bellyboard» deitzen diote Britainia Handian.

Gwynedd Haslock, 1950eko eta 1960ko hamarkadan, oraindik oso gazte zela, Polzeath eta Crantockera joaten zen udako oporretan. Batez ere igerilekuan eta arroketako putzuetan ibiltzen ziren jolasean eta igeri egiten Haslock eta bere lagunak, baina egun batean Newquayko Tolcarne hondartzara joan ziren eta han egurrezko txanpero batekin lehen aparrak hartu ahal izan zituen.

Trevor Roberts sorosleak surf egiten zuen eta egun batean bere 10 oineko taula utzi zion, orduan hogei urte zituen Haslock gazteari. Momentu horretan bertan Haslock liluratuta geratu zen eta aurrerantzean surf egitea baino ez zuen buruan.

Haslock kostatik urrun bizi zenez, egin behar zuen lehen gauza zera zen, kostaldera joan eta han bizitzen hasi, eta hala egin zuen. Konderriko Gobernu kontseilaritzan lanpostu bat eskuratu zuen Newquayen eta 2009an erretiratu zen arte bertan izan zen lanean.

1966an erosi zuen bere lehen surf taula. 9 oineko altuera zuen (ia 3 metro) taula hura 20 libera esterlina ordaindu zituen (15 euro inguru). Brian Colwill eta Richard Trewella surflariekin ikasi zuen surf egiten eta haiekin batera, lehen txapelketan parte hartzera ausartu zen.

Britainia Handiko txapelketa nagusia Fistral hondartzan egin zen lehenengoz eta han parte hartu nahi zuen Haslockek, baina arazoak izan zituen, izan ere kategoria bakarra zegoen, gizonezkoa alegia, beraz lehen saiakera hartan ezin izan zuen parte hartu.

Hurrengo urtean, ordea, neskentzako txapelketa egin zuten eta urrezko domina irabazi zuen. Guztira 14 urrezko eta zilarrezko hiru domina irabazi zituen hurrengo urteetan. Azkena, 1990ean irabazi zuen. Bere etxeko tximinia gainean ditu irabazitako domina eta garaikurrak.

1978an, British Surfing Association taldeko beste kide batzuekin batera Charles printzearekin bildu ziren eta honek elkarteko kideak zoriondu egin zituen surfaren arloan egiten ari ziren lanagatik.

68 urteko surflaria

Gaur egun, 68 urterekin surf egiten jarraitzen du Gwynedd Haslock andereak. Bere anaia Bob, Martin Taylor eta Ernest Martinez dira bere itsasoko lagun kuttunak eta haiekin surf egitea maite du.

2005. urteaz geroztik egiten den txanpero lehiaketan parte hartzea ere maite du, txapelketa zurrun eta serio bat baino, festa moduko ekimen bat baita, lagun artekoa. Egun horretan, antzinako bainujantziekin eta neoprenozko ur jantzirik gabe itsasoratzen dira adin guztietako lagunak eta giro paregabean txanperoarekin aparrak hartzen ibiltzen dira.

Haslockek Newquay maite du, Cornwalleko itsasbazterra, bertako arrain eta hegaztiak, eta noski, baita bertako olatuak ere. Newquayko ur hotzetan surf egiten gozatzen du, baina surfaz harago, ingurua bere osotasunean maite du eta begiak pizten zaizkio kostaldea deskribatzen hasten denean.

Hainbeste urtean denetariko itsaski eta eguraldiak ezagutu ditu, eta itsasoak emandako opariekin gozatzen jakin du. Esaterako, bi bider izan da izurdeekin surf egiten eta oroitzapen gozoa du, izan ere, ez dira oso ohikoak izurdeak Britainia Handiko hego-mendebaldeko itsasbazterrean. Itsas txakurrak esaterako, nonahi ikus daitezke Newquayen, baina izurdeak gutxitan gerturatzen dira hondartzara. Bestelako kirol ugari ere egiten du, baina bere pasio nagusia surfa izan da eta da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo