GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Ez da harropuzkeria

Zera esatera noakizue, atal hau irakurtzen duzuen irakurleok, surfaren inguruan, euskaraz eta ingelesez ez dakien beste edonork baino askoz ere gehiago dakizuela

GARAko erreportariak Europan surfa Biarritzen hasi zela diotenean tristura sartzen zait. Ez naiz ernegatzen jaramonik egiten ez didatelako, haientzako eredu direnak atzeratuegi daudelako baizik

p052_f04_97x88.jpg

Surflari Ernegatua

Gaurko honetan ere nire ereduen inguruko diskurtsoarekin natorkizue, beraz badakizue, astero Surflari Ernegatu honen pitokeriak irakurtzen dituzuenok garaiz zaudete, orria pasa, kultura saila pasa, «karteldegia» pasa, eta zuzenean gurutzegramari ekin diezaiokezue. Oraindik irakurtzeko adorez zaretenoi berriz, zera esatera noakizue, atal hau irakurtzen duen edonork, surfaren inguruan, euskaraz eta ingelesez ez dakien beste edonork baino gehiago dakiela.

Jada zenbaiten aurpegiak irudika ditzaket, «hau dek harroputza» esaten. Bost axola! Aspaldi ikasi nuen gurean «apalak» eta «harroak» zeintzuk diren. Isila eta umila ez dira gauza bera, eta ezta harroa eta egia esaten duena ere. Tira, nire kasuan harrotzat har nazakezue, baina ez esaten dudanagatik, esateko dudan moduagatik baizik.

Adibide bat. 2003. urtean Drew Kampion eta Bruce Brown surflariek argitaratu zuten «A History of Surf Culture» liburua da ziur aski surf munduan eragin handien izan duen liburua. Gurean, «L'histoire du surf» edo «Historia de la Cultura del Surf» bezala aurki dezakegu. Liburuak datu interesgarri asko ematen ditu, baina ikuspuntu bat gehiago baino ez da. Hala ere, izan duen arrakasta medio, liburu hori «surfaren liburu santua» da.

Uruguaiko idazle isolaturen batek jorratutako testu interesgarri batzuk kenduta, surfaren historiaz irakur dezakezuen edozerk oinarri bera du. Beraz, denek gauza bera diote. Bestelako ikuspegi baten berri izan nahi duenak aukera bakarra du, atal honetan euskaraz jorratzen ditugun erreportajeak irakurri edo ingelesez izan arren, ohiko ez diren testuetara jo.

Esan nahi dudana zera da, Europan guk izan behar genukeela eredu eta ez yankien tesiak kopiatu baino egiten ez dituztenak.

Oraindik GARAko erreportariak Europan surfa Biarritzen hasi zela esaten entzuten ditudanean tristura sartzen zait. Ez naiz ernegatzen nire artikuluei jaramonik egiten ez dietela ohartzen naizelako, haientzako eredu diren horiek gugandik oso atzeratuak daudelako baizik. Alegia, gu baino askoz ere atzeratuagoak daudenak eredu ditugun artean, jai dago.

Norbaitek Europan surfa noiz eta nola hasi zen jakin nahi badu Ingalaterrara jo behar du, han dago Europako museorik fidagarriena. Bilbon edo Santanderren aurki dezakezuen edozein erakusketa kaka zaharra da haren ondoan. Europan surfaren lehen urratsak Ingalaterran eman ziren, hori aski frogatua dago. Beranduago Biarritzen arrakasta handia izan zuen surfak eta ondorioz zabalkunde handia izan zuen kontinente zaharrean, baina soilik gazteleraz edo frantsesez irakurtzen dakitenek Biarritz aipatzen jarraituko dute Europako lehen surf gune gisa. Eta hau adibide bat baino ez da.

Esandakoa, atal honetako irakurleok, frantsesek eta espainolek ezagutzen ez dituzten gauza asko dakizkizue, haien hizkuntzan, azken hamar urteetan izan diren aurkikuntzen eta berrikuntzen berri eman ez delako. Ez da harrokeria, harro egoteko arrazoi sendo bat bada ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo