GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

SURFA

Lehen aldiz irlandar bat goi mailako WCT itzulian

p052_f01_184x84.jpg

 

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA


2013ko zirkuitua osatzen duten lehiakideak honakoak dira: iazko WCT itzulian lehen 22 postuetan zirenak; iazko WQS itzuliko lehen hamar postuetako lehiakideak; eta azkenik, lesio baten ondorioz zirkuitua utzi behar izan zuten lehiakideentzat gordetzen diren bi gonbidapen wildcard jasotzen duten lehiakideak.


Dusty Paine hawaiiarra eta Raoni Monteiro brasildarra dira aurten aipatu gonbidapen wildcard horri esker lehian izango diren surflariak. Gainontzeko ia lehiakide guztiak 2012an goi mailan izan diren lehiakideak dira.


Soilik lau izango dira lehen aldiz goi mailan lehiatuko diren surflariak. Filipe Toledo, 17 urteko brasildarra, Nat Young, 21 urteko kaliforniarra, Sebastian Zietz, 24 urteko hawaiiarra eta Glenn Hall, 31 urteko irlandarra. Beraz, aurtengo WCT zirkuituan Irlandako ordezkari bat izango da munduko 34 lehiakide onenen artean.


Glen Hall Hegoaldeko Gales Berrian jaio eta hazi zen, Australian, baina denbora asko egin du Irlandan, bere sendiaren etxean. Cork ingurua ongi ezagutzen du eta bertako urautsi guztiak dastatu ditu honezkero.


«Orain urte batzuk Irlandako taldearekin lehiatzeko aukera izan nuen herrialdeen arteko txapelketa batean. Nire arbasoen aberria ordezkatu ahal izatea ideia oso ona iruditu zitzaidan. Gainera, datozen belaunaldientzat lagungarri izan daiteke talde on bat eredu izatea».


Hamabi urte egin ditu WQS zirkuituan lehian, baina azkenean lortu du goi mailan egotea. Glenn oso pozik dago munduko 34 lehiakide onenen artean egotea lortu duelako: «Erronka itzela izango da, baina ametsetako itzulia da».


Jake Petersonen hitzak bere eginez, arerio bakoitza mendean hartzen saiatuko dela iragarri du, eta WQS itzulian lehian ari direnei ere zuzendu zaie: «Zortea aldagai garrantzitsua da surfean, beraz zorte pixka bat izateko aukera badago, ez berau galdu», eta umore onari eutsiz, zera gaineratu du, «bestela, irlandar bilakatu, horrela irlandarren zortea izan dezakezu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo