GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Ezkerreko gobernua?

Frantziak nagusi izaten jarraitu nahi du Afrikako eremu horietan. Horren aitzinean alderdi guztiak isilik gelditu dira, oso diputatu gutxi mintzatu dira esku-hartze horren kritikatzeko. Batasun nazionala oso ona da, kanpoko etsaia aurkitzea barneko oldartzeen baretzeko metodo zaharra da politikan

Ez naiz nazioarteko harremanetan aditu handia, geopolitikan iritzi mugatua dut informazio asko falta zaizkidalako. Hedabideek gezurrak hedatzen dituzte eta gobernuek gehiago oraindik. Erran nahi dut gaur egun gertatzen diren gerlei buruz jarraipen zehatza egiteko, iritzi zorrotza lortzea oso zaila gertatzen zaigula, eta gure borrokari buruz zabaltzen dituzten sasi-berriak entzunez argi da ezagutzen ez ditugun gatazkei buruz beste horrenbeste gertatzen dela.

Haatik, gure eguneroko bizia ezagutzen dugu, gure eguneroko biziaren gainean frantses Gobernuak hartu dituen erabaki ekonomikoak ezagutzen ditugu. Badakigu murrizketak nagusituko zaizkigula. Badakigu langileen eskubideak desegiten ari direla, behintzat mugagabeko lan kontratuetan aldaketak egiten hasiak direla, nagusiek eskatzen duten bezala. Badakigu irakaskuntzako, osasun zerbitzuetako aurrekontuak txikituko dituztela. Gizartearen zati handiak, Estatu frantsesean, bere egoera okertzen ikusten du, langabezia biderkatzen ari da, gizarte laguntza urritzen ari da eta pentsiodunen ordainketetan zergen emendioa egiten dute. Egunero-egunero berri sailetan esplikatzen digute beste biderik ez dagoela.

Herritarren laguntzeko dirurik ez dago, baina gerlen pizteko ez dago arazorik, Afrikan ia-ia bi mila soldaduren mantentzeko, mugitzen duten armamentu guztiarekin, bat-batean dirua bada. Ez da aditu handia izan beharrik zerbait gaizki doala ulertzeko! Noren onerako izango da gerla hau? Zenbat denboratarako abiatu dute? Zein izanen da aurrekontua, horren berririk emanen ote dute? Azken egun hauetan maliar andana erakutsi digute telebistan, eta horiek azaltzen zuten zergatik Frantziaren esku-hartze hori arras ongi etorri zen, hobesten zutela. Hori propaganda deitzen da, azalpen asko beharrezkoa delarik herritarren konbentzitzeko! Ez dute interbentzioa bultzatu maliarren alde egiteko! Beste kezka asko estaltzen ditu ezkerrekoa omen den Hollande jaunak. Bai, arma asko saldu zituen Frantziak Gadafiri, gero Gadafi botatzeko, orain eremu horiek oso ongi hornituak dira armetan eta arriskugarriak dira frantses interesentzat. Petrolio asko dauka Malik, Nigerren Areva dago. Horren babestera joan da Hollande, bere aurrekoek, aitzineko frantses gobernu buruek egin zuten bezala. Frantziak nagusi izaten jarraitu nahi du Afrikako eremu horietan. Horren aitzinean alderdi guztiak isilik gelditu dira, oso diputatu gutxi mintzatu dira esku-hartze horren kritikatzeko. Batasun nazionala oso ona da, kanpoko etsaia aurkitzea barneko oldartzeen baretzeko metodo zaharra da politikan.

Lanean hasi denetik, frantses Gobernuak esperantzarik ez du piztu. Gaur egun, herritarrei, gizarteak dituen beharrei erantzuteko dirurik ez duela dio dirua barra-barra xahutzen hasia delarik gerla egiteko. Maliko herritar xumeen lehen erasoen oihartzunak entzuten direlarik, gobernu horren enpresa handien aitzineko menpekotasuna nabarmena da. Alderdi sozialistak ezin du bide horretan segitu. Ezkertiar guztientzat ezin onartuzkoa da eta datozen hauteskundeak baldintza ditzakete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo