Obamak ekitaldi pribatu batean hartu du presidente kargua
Joe Biden presidenteordeak goizean egin zuen karguaren zina, AEBetako presidenteordearen egoitza ofizialean, eta handik lau ordura, Washingtonen eguerdirako bost minutu falta zirela, Barack Obama presidenteak Etxe Zurian. Bigarren legegintzaldia langabezia tasa altuengatik eta politika fiskalen inguruko eztabaidengatik baldintzatuta hasi da. Gainera, armen erabilera gutxitzeko onartutako neurrien aurkako manifestazioak egin dituzte milaka lagunek asteburuan.GARA |
Barack Obama AEBetako presidenteak karguaren zina egin zuen atzo eguerdian Etxe Zurian, bigarren legegintzaldiaren hasiera ospatzeko egindako ekitaldian. Michelle emaztea eta bi alabak ondoan zituen presidente beltzak. Emaztearen familiak duen Biblia bat erabili zuten ekitaldirako. John Roberts Auzitegi Goreneko presidentearen aurrean egin zuen karguaren zina.
Roberts orain lau urteko ekitaldiaren protagonista bihurtu zen, presidente berriak errepikatu behar zituen hitzak esatean nahastu egin baitzen, eta azkenean ekitaldia bera errepi- katu beharrean izan ziren.
Bigarren legegintzaldia langabezia tasa altuengatik eta politika fiskalen inguruko eztabaidengatik baldintzatuta hasi da. Gainera, armen erabilera gutxitzeko Obamak onartutako neurrien aurkako manifestazioak egin dituzte milaka lagunek asteburuan. Atzo emandako datuen arabera, gutxienez bost pertsona balaz zauritu zituzten mobilizazio horietan, guztiak ezbeharren ondorioz.
Oso ekitaldi laburra izan zen, minutu bateko iraupena izan baitzuen, eta telebista kateek eskaini zizkieten bertako irudiak estatubatuarrei. Amaitzean, emazteari eta bi alabei musu eman zien presidenteak. «Lortu dut!», esan zion Obamak Sasha alaba gazteenari, irribarrez.
Larunbatean, kargu-hartzearen atarian, Barack Obamak eta Michelle emazteak, Joe Biden presidenteordeak eta kabineteko beste zenbait kidek, Zerbitzuaren Egunean parte hartu zuten, boluntario lanak eginda. Ekitaldi horrekin AEBetako herritarrak boluntario-lanetan parte hartzera animatu nahi izan zituzten.
Obamak zina gaur bertan errepikatuko du, jendaurrean, Kapitolioaren aurrean. Bi ekitaldietan, atzokoan zein gaurkoan, Obamak John Roberts Auzitegi Goreneko presidentearen aurrean egingo du AEBetako presidente karguaren zina.
Gaurko ekitaldian, Washingtonen, Obama presidentearen hitzaldia entzuteko 800.000 pertsona inguru biltzea espero dute Etxe Zurikoek. 2009an 1,8 milioi pertsona bildu ziren, baina kontuan hartu behar da orain lau urte presidente berriaren lehen agintaldiari eman zitzaiola hasiera, eta AEBetan horrelakoetan bigarren agintal- diari hasiera emateko baino askoz ere jende gehiago elkartzen da. Gaurko aurreikusten den kopuruak tankerako ekitaldien markak hautsiko ditu.
Joe Biden AEBetako presidenteordeak karguaren zina lau ordu lehenago egin zuen, goizean, Barack Obamarekin batera beteko duen bigarren legegintzaldirako. Zina Sonia Sotomayor Justizia Auzitegi Goreneko epailearen aurrean egin zuen.
Ekitaldia AEBetako presidenteordearen egoitza ofizialean izan zen, Itsas Ikuskaritzaren eremuan, Washingtongo ipar-mendebaldean. Kargu-hartzean Bidenen familia eta 20 gonbidatu inguru izan ziren. Bidenek bere emazteak eskuetan zuen Bibliaren gainean egin zuen karguaren zina.
AEBetako Konstituzioaren arabera, urtarrilaren 20ko eguerdirako egina egon behar du presidente karguaren zina egiteko ekitaldiak. Normalean egun horretan bertan egiten da ekitaldi publikoa ere, baina hilaren 20a aurten igandean izan denez, gaurko atzeratu dute.
Atzo, Arlingtongo hilerrian Soldadu Ezezagunaren Hilobian lore eskaintza egin ostean, presidenteak karguaren zina egin zuen. Ekitaldi pribatua izan bazen ere, zenbait hedabide eta senitarteko bertan egon ziren. Michelle emaztearen urtebetetzea (joan den ostegunean bete zituen urteak) ere ospatu zuten. Gaurko ekitaldian, berriz, Martin Luther King izango dute gogoan. Ekintzaile beltzaren Biblia erabiliko du Obamak.
Milaka lagun elkartu ziren larunbatean AEBetako makina bat hiritan Obama presidenteak armen erabilera kontrolatzeko ezarri nahi dituen arauen aurka. «Ez diogu inori kalte egiten», esan zuen manifestari batek.