SOKATIRA
Ibarra izan da, dudarik gabe, 640ko lehen jardunaldiko talderik onena
J.L.
Ibarra izan da 640 kiloko lehen jardunaldiko talderik onena, erraz irabazi baitzuen bere multzoan, eta itxura bikaina emanez. Beste multzoan berdinduta geratu ziren Abadiño A eta Ñapurrak, eta askoz ere lehia estuagoa izan zen.
A multzoan, Ibarra nagusitu zen jokatutako saio guztiak irabazita, erabateko nagusitasuna erakutsiz. Bigarren postuan berdinduta geratu ziren Murueta eta Berriozar, laugarren Sokarri sailkatu zen, eta azkena, berriz, Abadiño B.
Bigarren multzoan lehia askoz ere handiagoa izan zen. Abadiño A eta Ñapurrak berdinduta geratu ziren, eta ikusi zen multzoko bi talderik onenak zirela. Saio guztiak irabazi zituzten, eta beraien arteko dema berdinduta amaitu zuten. Atzetik, hirugarren postuan, Zuraide sailkatu zen, eta ondoren Iparralde eta 6 Conceyos asturiarra. Hauek jokatutako tiraldi guztiak galdu egin zituzten. Beste jardunaldi bat jokatu beharko dute, eta multzo bakoitzeko hiru onenek lortuko dute finalerako txartela.
Idi-probak
Iñaki Lopategiren idi pareak irabazi zuen Euskal Herriko Txapelketa. Bertan, BBK sariketako hiru uztarri onenak lehiatzen dira, eta han berriz, urtean zehar Euskal Herriko probalekuetan aritzen diren sei onenak izaten dira. Eguraldi kaskarra izan arren, sarrera polita izan zen Aiako probalekuan.
Lopategiren idiek, 52 plaza egin zituzten. Bigarren, berriz, Econeten uztarria sailkatu zen, 50 plaza, zinta 1 eta 2,62 zentimetrorekin. Hirugarren sailkatu zen Luberriren uztarria 43 plaza, 2 zinta eta 0,72 zentimetro eginda. Uztarri bakoitzak ordu erdi bat izan zuen lanean aritzeko. Hasi aurretik egindako zozketaren ostean, Lopategiren uztarriari egokitu zitzaion azken postuan aritzea, eta azkenean beraiena izan zen markarik onena. Lopene aritu zen aurretik itzain, eta Lopategi, berriz, atzetik aritu zen.