Josebe Egia
Hogei urte barru
Harrigarria da batzuetan nola utz gaitzakeen zur eta lur gure ingurunerik hurbilenak. Edozein solasalditan, bat-batean, modurik txoroenean, iritzi truke baten ostean.
Duela gutxi gertatu zait, igande bateko bazkaloste luze horietako batean. Haurdun dagoen bikote lagun min batekin nengoen, haurdunaldiari eta etorriko zaienari buruz hizketan; haurra neskatila izango da, eta ama pozik agertu zen horrekin, mutila izan balitz ere berdin sentituko zela erantsita, baina aitak «Bada, nik nahiago nuen mutila izatea, egia esan» bota zuen irmo. «Zergatik?», galdetu nion, eta aurreko esaldia bota zuen uste sendoaren irmotasun berarekin horrela esan zidan: «Gizonok askoz ere hobeto bizi garelako, bizitza errazagoa delako guretzat, eta arazoak gorabehera zuek beti dituzuelako gehiago».
Berarekin geunden hiru emakumeak aho bete hortz geratu ginen, eta isiltasun hori baliatuta, edo hain zuzen isiltasun horrek azalpenen baten zain geundela uste izatera eramango zuelako, banan-banan zerrendatu zituen emakume orok neurri handiagoan edo txikiagoan bere bizitzan zehar jasan beharreko arazo/presio/oztopo/ezbeharrak: sexu-jazarpena; lan-munduaren baitako diskriminazioa; beti gehiago saiatu beharra aitorpenik jasotzeko, bizitzako ia esparru guztietan; etxe barruko erantzukizuna -dela ondorengoei begira, dela aurreko adinekoei begira-; itxura fisikoaren gaineko presio etengabea; indarkeria; amatasunaren inguruko guztiak, ama izan, ez izan, nahi gabeko haurdunaldiak, nahi eta ezinezko bihurtzen direnak... Eta honela esanez bukatu zuen diskurtso argigarria: «Zer esanik ez alaba lesbiana ateratzen bazaigu!». Beste hiruron aurpegiak ikusita, kafe kikara ahorako bide erdian katramilatuta, egia borobil mingarria bota berri duenaren barkamen eske erako tonuaz: «Badakit kaka hutsa dela, baina gizonok hobeto bizi gara mundu honetan, munduko edozein lekutan, gainera, eta ez dirudi hori erabat aldatuko denik» .
Larriena ez da hogeita hamahiru urteko gizon gazte batek, zirrikiturik gabe berdintasunaren aldekoak, jendartean emakumearen erradiografia gordina egin ondoren, eta seme-alabentzat onena nahi izateak eragin dezakeen berekoikeriarekin, semea edukitzea nahiago izatea bihotzez, baizik eta etorkizunari begira berdintasunaren bidean aurrera egin beharrean, atzera goazelako sentsazioa izatea guztiok. Borroka luzeen ostean, egun bizi izaten ari garen egoeraren ondorioz hartzen ari diren erabakiak tarteko, lorpenak galtzeko arriskua benetakoa dela pentsatzea, esparruz esparru.
Neskatila horrek hogei urte dituenean, azken urteotan aurrera egindako guztia, mentalitate aldaketak ekarritako aldaketa legalak, babesak, printzipioak eta balioak, eta, batik bat, eskubideen bermeak, aurreko belaunaldiaren ilusio zapuztuak baino ez dira izango? Tristea litzateke etorriko den haurra mutila izan dadin desiratzen jarraitzea; etsigarria oso horretarako arrazoi objektiboak jendarteak berak ematea. Eta orain ezinezkoa iruditzen zaigun hori, hainbeste gauzarekin gertatzen ari den bezala, hogei urte barru errealitate izatea berriz.