GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Harriz harri, herri harresirantz

Kartzelan dira Arkaitz Antza, Maitane Linazasoro eta Xabier Lujanbio gazte errenteriarrak. Inoiz justifikaziorik izan ez duten eraso polizial eta judizialek beren horretan jarraitzen dute testuinguru berriaren gainetik, euskal gizartearen gainetik. Hala ere, larunbatean Donostian gertatutakoa zerbait aldatu den seinale izan zen. Oarsoaldeko gazteak eta epaiketaren zain dauden beste ehun baino gehiago beren lan politiko eta sozialagatik auzipetutako gazteak dira, eta hala sumatzen dute herritarrek ere, gero eta herritar eta eragile gehiagok. Horregatik, jazarpen horren salaketa eta kezka agertzearekin batera, denen eskubide politiko eta zibilen aldeko dinamikaren nondik norakoaren gaineko balorazioa ere egin beharra dago, ezinegon eta amorrutik harago.

Duela urtebete Ekaitz Samaniego kartzelatu zuten, haren aldeko kanpaina baten ondoren. Hala ere, jaso zuen sostengu zabal eta anitza ez zen momentuko gertaera hutsean geratu. Herri harresia eraikitzen hasia zen. Beste horrenbeste gertatu zen Aurore Martin Batasunako kidearen inguruan sortu zen elkartasun mugimenduarekin. Egia da -lehen atxiloketa saioak elkartasun horren ondorioz huts egin zuen arren- joan den azaroaren 1ean Espainiaratu eta kartzelatu egin zutela, baina bigarren saio horrek kostu handiagoa izan zuen frantses Gobernuarentzat. Herritarren eta kolore politiko guztietako hautetsien elkartasuna berriro agertu zen, indartua. Larunbatean hiru gazte errenteriarrek jendaurrera agertu eta manifestazioan parte hartu zuten, baina ez zituzten atxilotu. Ondoren, eurek behartu zuten atxiloketa, estatuen logika errepresiboa irauliz.

Euskal gizarteak gatazka konpontzeko prozesuaren aurkako eraso gisa sumatzen du jazarpen hori, eta lehen bezain bidegabe eta bortitza bada ere, gero eta kostu handiagoa du estatuentzat. Larunbatetik beste harri sendo bat du herri harresiak. Ez da nahikoa, jakina, baina bidea urratsez urrats ibiltzen da. Harresi hori, bestalde, erakundeetara ere zabaldu beharra dago, herritarren arazoak eurenak ere badirela erakusteko exijituz, horrelako egoeren aurrean erakusten ari diren ezerosotasuna baino zerbait gehiago exijituz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo