Berrordainketa dela-eta, PSE eta Lakua eztabaidan
Lakuako Gobernuak osasun arloan ezarriko duen berrordainketaren nondik norakoak azaltzeko eskatu zion atzo PSEk Urkulluren gobernuari. Zehazki, berrordainketa horren ondorioak konpentsatzeko neurriren bat hartuko ote duen jakin nahi du Patxi Lopezen alderdiak.GARA |
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak pasa den uztailean EAEko Gobernuak osasun arloan berrordainketa ezartzea agindu zuen, baina orain esan du Lakuako Gobernu berriak ezinbestean betearaziko duela. Hori dela-eta, PSEk zera eskatu dio Ińigo Urkullu buru duen gobernuari: gizarteari azaltzeko zein neurri abiatuko duen hori konpentsatzeko, egoerarik okerrenean dauden herritarren gainean eragin berezia izango duelakoan.
Arlo praktikoaz gain, neurriak arlo juridikoan izango duen bilakaerari buruz interesa agertzen du Blanca Roncal PSEko kideak, Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztutako ekimenean. Roncalek gogorarazten duenez, Jon Darpon Osasun sailburuak pasa den urtarrilaren 15ean agindua eman zuen berrordainketa era «progresiboan» ezartzeko. Darponek berak zehaztu zuenez, aldaketa horiek zenbat denbora beharko duten ez dago jakiterik oraindik, «nahiko sakonak direlako».
Aldaketa horiei buruz mintzatu da PSEko kidea. Jasotako «informazio eskasa» salatu eta gero, Roncalek aditzera eman du sistema informatikoan aldaketak egiten hasi direla, Patxi Lopezen Gobernuak berrordainketa baliogabetzeko hartutako neurriak indargabetze aldera. Horren harira, «noiz eman da ezarketa progresibo horiek hasteko agindua EAJren aldetik?», galdetzen du Roncalek. Era berean, ordenagailuetan egingo diren instalazio berrien kostua gizarteari jakinarazteko eskatu dio PSEkoak.
Argibide eskaera hori neurri berriaren arlo guztietara zabaldu du Roncalek. Hau da, Lakuak «ezarkuntza progresiboa» zer den azaltzeko, toki zehatz batzuetan besteetan baino azkarrago ezarriko den argitzeko, edota kobratzen dutenaren arabera errenta batzuei lehenago kobratuko zaien zehazteko.
«Doakoa eta unibertsala»
Azalpen eskaera orokor horren baitan, arreta berezia eskaintzen dio Roncalek berrordainketaren ondorio latzak arintzeko Lakuako Gobernuak hartuko dituen neurriei, halakorik balego.
«Urkulluk argitu beharko luke ea erabiliko dituen dagozkion eskumenak egoera oso ahulean, kaskarrean dagoen sektore sozial horri laguntzeko», nabarmendu du PSEk.
Arlo legalean egon daitezkeen berrien inguruan ere kezkatuta azaldu da Blanca Roncal, Ińigo Urkulluk «jarraituko ote duen aurreko Gobernuaren argudioak erabiltzen osasun arloa doakoa eta unibertsala izaten segi dezan, Gernikako Estatutuan zehazten den bezala».
Aurreko Lakuako Gobernuak zenbait neurri aurrera eramateko asmoa zuen, baina hauteskundeak aurreratu zirela-eta, airean geratu ziren.