GARA > Idatzia > Kultura

«Errealitate bati kantatzen diogu, eguneroko arazoak islatu eta salaketa egin»

 

p056_f01_234x139.jpg

2ZIO
HIP HOP TALDEA

Ez da ohikoa hip hop munduari lotutako musika talde baten sorrera ikustea. Estatu frantsesean badira alor honetan ezagun egin diren taldeak, baita Estatu espainolean ere, ez horrenbeste Hego Euskal Herrian, eta gutiago ipar-ekialdeko lurretan. Horri guztiari euskaraz kantatzea gehitzen badiogu, are gutiago. Eremu hori indartzeko asmoarekin argitaratu du 2ZIO taldeak bere lehen lana, «Pausuz pausu».

Jon GARMENDIA | DONIBANE LOHIZUNE

«Pausurik eman ezean ez da biderik, besteek egina besterik, anitzek ez dute iritzirik, eta huna iritsirik, begiak itxirik, ez dago bizirik». Errima eta hitz joko eder horiekin hasten da 2ZIOren «Pausuz pausu» kantua, argitaratu berri duten diskoari izen ematen diona. Ipar Euskal Herrian sortu den musika taldea da 2ZIO, eta rap arloa jorratzen dute, hitz errebelde eta aldarrikatzailez jositako melodia ilunak sortu dituzte, dena autoprodukzioaren bidetik, eta euskaraz. Ez dute lan erraza hartu bere gain, meritua baitu beren kabuz sorkuntza guztia egiteak eta gehiago hain minorizatua dagoen musika alor baten ingurumarian. Bestalde, ederra da euskaraz eta bikaintasunez jositako errimekin musika manera hau entzuteko parada ukaitea.

Jo, Gorka eta Odei dira taldekideak, eta hortik aitzina ez dute gehiagorik zehaztu nahi, ezta taldearen jokalekua bera ere, «Euskal Herriko musika talde bat girela erratea maite dugu, talde hitz horrek duen esanahiari leial izanik», hala aitortzen dute, eta agian horrexegatik galderen erantzunak ahots beretik ematen dituzte, pentsamendua baino aldarrikapenerako gogo bera dutela adierazi nahi balute bezala.

Zer da 2ZIO?

Gure bizitzaren ikuspuntua da, gu hirurok gara, gure gogoarekin, gure ilusioarekin. Euskarazko rap-a proposatzen duen talde tipi bat gara, eta horrekin harrokeriarik gabeko harrotasunez beteta gaude. Musika eta letrak ezkonduta ateratzen den hori guztia gara gu. Taldeari forma berantago eman badiogu ere 2008 inguruan elkartu ginen, Odeik eta Gorkak eginak zituzten abestiei melodia oinarriak ezarri, eta hirurok egin genuen bat, abesti berriak sortu eta emanaldi batzuekin proiektua sendotzen joateko ideiarekin.

Eta proiektu horrek badu helburu zehatzik?

Ez dugu helburu potolorik, hau da, gurea ez da musikatik bizitzeko saiakera bat, hasteko, egiten dugunarekin ezinezkoa delako hori, eta errealistak gara horretan; bestetik, plazerez egiten dugulako hau, ongi pasatzeko asmoarekin, eta hala ez balitz ez ginatekeen indar berarekin arituko. Hasi ginelarik ez genuen pentsatu ere egiten zenbat rap talde dauden Euskal Herrian, haietarik zenbatek egiten zuten euskaraz... Maite genuen hip hop mundua eta horrek lotu gintuen proiektura, gero ohartu gara ordea, ez dela anitz musika talde alor honetan, gutiago oraino euskaraz, eta mundu horrek indar har dezan gure ekarpena egin nahi dugula ere defendatzen dugu orain.

«Pausuz pausu» aurkeztu berri duzue, zuen lehen lana, nolakoa izan da prozesua?

Izen polita iruditzen zitzaigun, eta gauzak pausoz pauso egiten direlako eman diogu izenburu hori gure lehen diskoari. Gure prozesua hala izan da, bakoitzak bere aldetik ematen zituen pausoak; elkartu ginen, ordea, bidea elkarrekin egiteko, eta pixkanaka aitzinera joateko asmoarekin. Pausoz pauso jo behar dela uste dugu edozein lorpen ukaiteko, ez anbizioarekin punta ikuskatuz, urrats tipiekin espazioak irabaziaz baizik. Autoprodukzioaren bidetik jo dugu gainera, gure artean sortu ditugu abestiak eta guk egin dugu grabazioa eta masterizazioa ere. Donibane Lohizuneko gaztetxean grabatu dugu gehiena, Iñaki Plaren laguntza izanik, masterizazioa Pepek egin digu, diseinua Jok egin du; beraz, dena guk egin dugula erran dezakegu eta hemen egin dugula.

Baduzue beste rap taldeen eraginik, hau da, noren ispiluan behatzen zarete?

Euskaraz Selektah Kolektiboa entzuten genuen txikitatik, izugarri maite genuen haiek egiten zutena, eta euskaraz egiten zen gauza bakarra zen garaian. Erreferentzia gehiago ukan ditugu gerora noski, baita euskaraz ere, Norte Apache, 121 Crew... baina nagusiki atzerrikoak dira entzuten ditugunak, DJ Muggs, Casey, Medine, Cypress Hill... Erran behar dugu bestetik, maizegi lehenengo pertsonan eraikitako abestiak sortzen direla rap estiloan, ni naiz, nik erraten dizut... eta guk hori guztia salatzen dugu ere, Egoaren elikatze hori baztertzen dugu, justuki, gure «2ZIO» kantua horrekin lotua da.

Musika iluna da zuena, ezkortasunari lotua dirudi, eta aldarrikapenez jositako disko bat dela erran daiteke...

Iluna da bai, baina guk ez genuke erranen ezkorra denik. Errealitate bati kantatzen diogu, eguneroko arazoak islatu nahi ditugu kantuetan, eta salaketa egin. Gure ardatza dira gazteek bizitzen dituzten zailtasun eta problemak, herri honek kolektiboki sufritzen dituen eraso eta zapalkuntzak, sistemak ezartzen dizkigun muga eta lege baztertzaileak. Salaketa bat da gurea, etengabekoa. Hor kokatu daitezke, «Epaile Jauna», «Ez da salgai», «Altxa» eta «Guk salatzen dugu» kantuak adibidez. Hip hopa gainera aldarrikapenari lotua da nagusiki.

Eta posible da maitasunari buruzko rap kanturik egitea?

Noski posible dela. Guk badugu abesti bat halako gaiari lotua, ez digu denbora eman diskoaren barnean sartzeko, baina badugu. Egia da rap musika ilun samarra dela, eta musika oinarri ilunekin nekez jo dezakezu abesti alai baten xerka, baina dena da posible. Gero, maitasunaren gaia sobera landua dagoela uste dugu, ikuspuntu desberdinetatik gai berdinari hainbertze kantatzeak ez duela anitz ekartzen, eta badirela hurbilean salatu behar diren kontuak, hurbiletik bizi eta sufritzen ditugunak, eta nehor gutik salatzen dituenak kantuen bidez.

Emanaldi batzuk eskaini dituzue, nola hartu zaituztete entzuleek?

Hamabi kontzertu eskaini ditugu, eta kontent gaude jaso dugun harrerarekin. Erran behar dugu ere entzulea ez dagoela sobera ohitua guk egiten dugun musikarekin dantzatu eta besta giroan sartzeko, hitzek gainera pisu anitz dute gure kantuetan, eta ez da erraza entzuleak ikas ditzan hain denbora gutian, denborarekin errazago izanen dela uste dugu, eta guk gure proposamenari eutsi nahi diogu, nahiz eta jakin gure musika ez dela entzunen irrati handi edo industria musikalaren eskutik.

Diskoaren salmentarekin behintzat ez zarete aberastuko...

5 euroan jarri dugu salgai, eta horrekin salaketa bat egin nahi izan dugu bide batez. Posible da diskoak merkeago aurkitzea merkatuan, posible da musika eskuragarriago izaitea jendearentzat. Ahaleginak egin behar dira, ez da besterik. Mementoz distribuzioa egiteko saiakeran bilduak gaude, Elkar-ek duen sarearekin ari gara hizketan, baina nagusiki ostatuetan jarri dugu salgai. Ziburuko Tana eta Bittor ostatuetan, Donibane Lohizunen Battelan, Baionako Kalostrape eta Kixkilen, Biarrizko Atabalen, Baigorrin Bixentainian, Uztaritzen Ttirrittan eta Pausuko Xaian. Hego Euskal Herrian Algortako Eztabaida ostatuan eta Errenteriako Landaren aurkitu daiteke. Gure kontzertuetan saltzeko asmoa dugu bestalde -taldearekin harremanetan jarri nahi duenarentzat e-posta ere luzatu digute: 2zio.rap@gmail.com-.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo