Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Politikari guztiak, berdinak
Askotan, hainbat erabaki ez ditugu ulertzen eta, hala eta guztiz ere, borondatea eta norabidea da garrantzitsuena: helburu zintzoa lortu nahi izatea eta helburu zintzo hori lortzearren norberaren ongizatea bigarren plano batean uzteaPolitika berbak aspalditik galdu zuen bere antzinako zentzua. Res publica delakoaren zaintzan eta hobekuntzan oinarritzen zen hura apurka joan zen res personae deitu genezakeenaren zaintza eta hobekuntzara okertzen. Hau da, gauza publikoaz arduratzetik, norberaren onura hutsaz arduratzera. Eta honek, ez guztiz baina bai hein handi batean, azaltzen du zergatik Politika -maiuskulaz- politikeria bihurtzen joan den.
Askotan gogoratzen dut amak egun batean brometan botatako esaldi hura: «Ay, hija, con lo lista que tú eres, ¿por qué no te has metido al PNV?». Ez zuen esan Alderdikoa delako, baizik eta hori pobreziatik alde egiteko bide zuzena izango litzatekeelako. Mundu guztiak dauka onarturik horrela dela. Horregatik arrazoia eman behar diot jendeari «klase politikoa» aipatzen duenean. Betidanik defendatu dut klase bi baino ez daudela, geure lanetik bizi garenok eta gure lanetik bizi direnak. Eta «klase politiko» hori bigarrenekoa izan arren, bakarrak dira esparru publikotik esparru pribatura salto egiten dutenak. Adibide gutxi batzuk ematearren: Solbes eta Salgado Endesan, Zaplana Telefonican, Acebes Iberdrolan, Arias Salgado Carrefourren, Solana eta Cabanillas Accionan, Tocino Banco Santanderren... denak ministro ohiak. Baina presidenteak ere bai: Gonzalez Gas Natural eta Aznar Endesa, Barrick Gold, News Corporation... Eta hain urrunera joan barik: gure Josu Jon Petronorren. Eta horrela ad infinitum.
Berdin eskumakotzat edo ezkertiartzat daukaten euren burua. Planteamendu bat eta bakarra topatuko dugu beti: nor- beraren interesen zaintza. Planteamendu horretatik ez dago eta ez da sekula egongo jendartearen gehiengoarentzako alternatiba eraikitzeko tarterik.
Eskandaluak gorabehera -eskandaluok komunikabideetan irauten duten denbora berbera irauten baitute haserre kolektiboek-, funtsa ez datza lapurreta egitean ala ez egitean, baizik eta, esan bezala, politika eta politikaren helburua ulertzeko moduan. Horixe da, hain zuzen, politikariak ezberdintzen dituena. Zeren eta, artikulu honen izenburuak dioenari kontra eginda, denak ez baitira berdinak.
Tabernetako elkarrizketetan ez dira falta horrelako maximalismoak. Baina tabernetako elkarrizketetan futbola da nagusi. Kezkatzekoa dena da erakunde handi eta garrantzitsuetan horrelako analisi erraz eta sinpleak entzutea.
Gauzak hobeto edo txartoago egin daitezke. Batzuetan asmatzen da eta beste batzuetan ileetatik tiraka amaitzen dugu batzuek. Hainbat erabaki ere askotan ez ditugu ulertzen edo konpartitzen eta, hala eta guztiz ere, borondatea eta norabidea da garrantzitsuena: helburu zintzoa lortu nahi izatea eta helburu zintzo hori lortzearren norberaren ongizatea bigarren edo hirugarren edo laugarren plano batean uztea.
Politikari guztiak berdinak direla dioten sinple horiei froga enpiriko erraz-erraz bat: batzuk, delitu latzak eta itzelezko lapurretak egin ostean, kalean daude milioiak eta milioiak pilatzen. Beste batzuk, ordea, kartzelatuak izaten dira (aurrekoen eskutik) politika egiteagatik, hain zuzen ere.