ZIENTZIA
Zaldikia hanburgesetan
Tesco supermerkatuak hornitzen dituen ABP Food enpresari DNA probak egin dizkiote. Irlandako Elikagaien Agentziak (FSAI) %29ko zaldiki portzentajea topatu zuen behiarena behar zuen haragian
Mikel SUSPERREGI mikel@carbonica.org
Europako estatu askotan zaldikia normaltasun guztiarekin jaten da, batez ere Frantzian eta Italian. Haragi merkea denez, aspalditik berekin darama nolabaiteko estigma, txiroen haragia izango balitz bezala.
Haragi bezala, proteina portzentaje handia du, eta goxoa izan daiteke, batez ere erregosietan, boeuf bourgignon modura prestatuta, samurtu dadin.
Erresuma Batuan, Irlandan eta AEBetan ordea, zaldiak etxabereak dira; beraz, zaldikia jatea tabu izugarria da, katuak edo txakurrak jatearen parekoa.
Ez da harritzekoa, beraz, nolako eskandalua sortu den hemengo prentsan iragarri dutenean zaldikia hanburgesetan aurkitu omen dutela. Gizartearen haserrea erabatekoa da.
Antza denez, Erresuma Batuko Tesco supermerkatua hornitzen duen Irlandako ABP Food enpresari DNA proba batzuk egin dizkio Irlandako Elikagaien Agentziak (FSAI) eta %29ko zaldiki kopurua aurkitu dute ustez behi haragizkoak ziren hanburgesetan.
Ulertezina dela diote ABP Food enpresakoek nola sartu den beren hanburgesetan zaldiki portzentaje horren handia. Ia heren bat da %29a, eta ABP Foodek ezin lezake horrelako portzentajea konturatu gabe ipini.
Bestalde, FSAI agentziak ez du gardentasunik eskaini DNA probei buruz.
Zehazki, agentziak ez du argitu zein diren estatistikak, datuen kopurua eta datu biltzearen maiztasuna. Aditu batzuen esanetan, ñabardura hauek garrantzi handikoak dira, DNA molekulak airearen bidez hedatu baitaitezke, eta, beraz, hanburgesaren produkzioan litekeena da ezusteko aire kutsadura gertatu izana haragien artean.
Hori zalantzan jartzen da eta susmo sendoena beste hornitzaile batengan erortzen da. Badirudi hanburgesen ekoizpenean erabiltzen dela Holandatik inportatutako «proteina hautsa» nahasiaren loditasuna areagotzeko eta produktuari «edukia» emateko. Bestela esanda, produktua merkatzeko.
Baliteke proteina hauts horrek zaldikiaren DNA izatea, eta horren inguruan Holandako hornitzaileari galdegin diote, baina oraingoz ez da jaso erantzunik eta misterioa argitu gabe gelditu da.
Dena dela, osasun publikoaren aldetik, ez da inolako araurik hautsi edo arriskurik sortu. Baina etiketatzearen arauak eta legeak, bai, horiek hausten ditu kasu honek, noski, argi deskribatu behar baita osagaien zerrenda eta horien portzentajeak.
Tesco supermerkatuak hanburgesak salmentatik erretiratu ditu. Nahiz eta etiketak zuzendu, ez litzateke inoiz posible izango Erresuma Batuan hanburgesa batzuk saltzea zaldikia dutela jakina izanda.
Historikoki hori ez da beti horrela izan. Iraganean, zaldia garraiobide nagusia zenean, zaldikia asko jaten zen Ingalaterran, pobreen artean nagusiki, eta ez zen inolako taburik orduan. Mentalitate aldaketa hori beranduago etorri zen, Bigarren Mundu Gerraren ostean.