Korrikaren omenaldi jaian, lagun famatuak eta ikasleak euskara elkarri emanez
«Euskara ikasle guztiei» larunbatean Usurbilen egingo dieten omenaldia aurkeztu zuten atzo AEK-ko kideek Bilbon. Kantuak, bertsoak eta dantzak protagonista izango dira egun osoko jaialdian.
Mikel PASTOR | BILBO
Larunbat honetan Usurbilen ospatuko den «ikasleen jaia» aurkeztu zuten AEK-ko kideek atzo, Euskaltzaindiko egoitzan. Omenaldi honen bitartez, Korrikaren antolatzaileek «euskaraz ikasten ari diren guztiei» gorazarre egingo diete egun osoko egitaraua duen jaialdiaren bidez.
Nahiz eta krisiak gogor jo -protagonistek onartu bezala-, egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek Usurbileko frontoian egingo den zitarako. Ordu batak aldera irekiko dira kupelak, bertsolarien laguntzaz. Bazkalostean, ekitaldi nagusia izango da: zita honetarako filmatu den bideoaren emanaldia.
Eriz Zapirainek zuzendu duen 25 minutu lan honetan, Euskal Herriko zein atzerriko lagun ospetsuak euskara ikasleekin solasean ikusi ahal izango dira. Elkarrizketa ezberdinen bidez, beren motibazioen, beren lanen gainean edo euskararen gainean mintzatu dira protagonistak. Karlos eta Eva Argiñano, Ana Urrutia, Unax Ugalde, Iñaki Perurena, Arantxa Urretabizkaia edo Iñaki Goirizelaia herrialde ezberdinetako ikasleekin solasean ari dira zinta honetan, aldarte eta giro ezin hobean.
Zapirainek berak onartu zuenez, «sekulako esperientzia izan da bideoa grabatzea. Orain dela lau urte AEKrekin lan egin eta gero, oso pozik geratu ginen, eta aurtengoan ez gara atzean geratu. Oso pozik gaude emaitzarekin, ospetsu zein ikasleek jarrera bikaina izan dute, eta egon litezkeen arazo txikiak ekidin dituzte; plazer bat izan da».
Ian Cabrera ere, bideoan agertzen den ikaslea, atzoko prentsa agerraldian egon zen. «Esperientzia izugarria izan da Ana Urrutiarekin grabatzea, sekulakoa izan da. Gehiago ikasteko animoak eman dizkit honek», nabarmendu zuen.
«Korrika kulturala» martxan
Larunbatean egingo den omenaldiaz eta bideoaz hitz egiteaz gain, Korrika kulturala aurkezteko baliatu zuten agerraldia AEK-ko kideek. Kultur ekimena Korrika bera abiatu baino aste batzuk lehenago hasten da. Ekintza artistiko askotarikoak antolatzen dituzte Euskal Herri osoan barrena, giroa berotuz joan dadin, eta bidez batez, gure kultura herrialde osoan zehar zabaltzeko.
Aipatu bezala, Usurbileko jaialdiak emango dio hasiera ekimen kulturalari. Larunbateko jaialdian egongo den Esne Beltza taldeak, esaterako, martxoaren 15ean Olaztiko gaztetxean joko du, eta noski, Baionan egingo den Korrikaren azken jaialdian ere bai.
Musikaz gain, «Zuzeneko instanteak» deitutako argazki erakusketa izango da Bilbon, Arrasaten, Gasteizen, Iruñean eta bestelako herrietan. «Balitzen hioa» eta «Pisukideak» antzezlanak ere ikusgai izango dira herri askotako antzoki eta gaztetxetan. «Gazta zati bat» filma ere ikusgai izango da aste hauetan. Horiez gain, Pirritx, Porrotx eta Marimotosen saioek kolorea emango diote ekimen kultural luze honi.
Karlos eta Eva Argiñano, Ana Urrutia, Unax Ugalde, Iñaki Perurena, Arantxa Urretabizkaia edota Iñaki Goirizelaia bideoan ageri dira, euskaltegietan dabiltzan zenbait ikaslerekin solasean.