GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Denboralea

Elurrak paisaiak zuritu ditu, arazo gutxi sortuz

Mendi tontorrak ez ezik, herri ugari zuritu zituen atzo elurrak: Iruñea, Tafalla, Gorriti, Erriberri, Lantz, Uxue... Nafarroako toki anitzetan mara-mara egin zuen, Zumarragan eta Goiatzen bezala. Gasteizen, ordu txikietako zuria desagertua zen goizerako.

p018_f05.jpg

Maider IANTZI

Paisaiak aldatu zituen elurrak, haur eta helduen jolasak eta eguneroko erritmoa. Eta errepidera atera behar izan zutenek arazoak izan zituzten, adibidez Arabako bigarren mailako sarean. Herrera, Opakua eta Urduña itxi egin zituzten ibilgailu guztientzat, eta Azazeta eta Bernedo, kamioientzat.

Elurraz gain, txingorra eta haize zakarra egin zuen. Kazkabar erauntsi batek hamabi autok eta motor batek talka egitea eragin zuen Urnietan: lau lagun arin zauritu ziren. N-634 errepidea itxita egonen da Elgoibarren igandera arte, lur eta bloke handiak erori zirelako joan den astean haize eta euriagatik. Gorritin, etengabe aritu ziren lanean elurra kentzeko makinekin. Euskal Herriko mendate batzuetan kateak erabili behar ziren.

Bost metroko olatuak

Elurraren maila 400 metrora jaitsi zen. Arratsaldean igo egin zen, baina abisuak martxan segitu zuen. Haizetearengatik eta olatu handiengatik ere kontuz ibiltzeko eskatu zieten herritarrei. Mundakan, ez zen surflaririk ikusten bertze egunetan bezala; alerta horian zeuden 5 metrotik goitiko olatuak espero zituztelako. Itsaso barrenean, ia 7 metrora iristen ziren. Olatuek gogor astindu ohi duten Donostiako Pasealeku Berria itxi egin zuten eta haizealdi bortitzak zirela-eta obra batzuetako oihalak erori ziren. Kalean oinez ibiltzeko ere arazoak izan zituen jendeak. 106 kilometro orduko abiaduran ibili zen haizea Matxitxakon, eta Jaizkibelen, 103koan. Gaur, are indar handiagoz ausartuko dela iragartzen zuten.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak Ebroren ur emaria haztearen ondorioz 3.000-4.000 labore hektarea urpean gelditu direla kalkulatu du. Nekazaritza Garapeneko sailburu Jose Javier Esparzak kalte handiak izan dituzten Buñuel, Ribaforada eta Valtierra bisitatu zituen, eta Arguedaseko alkatearekin ere bildu zen. Urak harrapatutako azalera 2007koa baino anitzez txikiagoa izan dela azaldu zien; orduan, 15.000 hektarea inguru kaltetu ziren. Behin ura kenduta ebaluazioari ekinen diotela agertu, eta nekazari gehien-gehienek asegururen bat kontratatua zutela oroitu zuen. Gobernuak herri hauetako ordezkariekin batzeko asmoa duela jakinarazi zien, egoera elkarrekin aztertzeko eta Ebroko Hidrografia Konfederaziora hobekuntzak egiteko proposamen bat bidaltzeko.

Donostian, Udalak Txomin Eneako 17 familiari ostatua emanen die. Uholdeak gutxitzeko obrak eginen dituzte eta bitartean Morlansen eraikitako babes ofizialeko etxeak izanen dituzte bizileku.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo