GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Birginia Pozo Gonzalez Yal-lah Gazte Ekimena-ren izenean

Epaiketa militarrik ez!

Esan ohi denez distantziak, bere kabuz, ez digu ahaztarazten. Baina horretara bideratutako politikak tartean sartu ezkero, orduan zer? Hori da, gure ustez, duela urte askotatik mundu zabal honetako hainbat herrialdek pairatzen duten egoera eta modu aipagarri baten, Ekialdeko Sahararen gatazkak.

Dagoeneko bi urte pasa dira 2010eko amaieran 20.000 lagunek beren etxeak atzean utzi eta El Aaiun-etik, Sahara okupatuko hiriburutik, 15 kilometrotara Gdeim Izik kanpamentua sortu zutenetik. Hauxe izan da gaurdaino saharauiarren borrokan izan den manifestazio baketsu garrantzitsuena. Ekintza honen bidez komunitate internazionalari zera erakutsi nahi izan zioten: ezin dutela gehiago egoera hau jasan; dagoeneko urte gehiegi pasa direla okupazio marokiarraren menpe; eskubide osodun herria direla; alegia, beraien herrialdea aske ikusi nahi dutela.

Marokiar gobernuaren indar armatuek Gdeim Izik era bortitzean eta NBEren zein gainontzeko komunitate internazionalaren gaitzespenik gabe desmantelatu zutenean, 24 saharauiar detenitu eta Salé Rabateko (Maroko) espetxera eraman zituzten ekintza baketsu hartan parte hartu izanagatik soilik. Orduz geroztik, espetxeratuok, beraien askatasuna galdu eta neurrigabeko torturak jasan izana salatu dute, azkenik, datorren otsailaren 1ean marokoko epaimahai militar batek auzitara eramango dituelarik.

Yal-lah Gazte Ekimenetik beste behin ere hurrengo erakunde eta egoerak salatu nahi ditugu: marokiar estatua, 25 espetxeratuak bidegabea den prozesu judizialera eramateagatik; espainiar estatua zein komunitate internazionala, egoera larri honen aurrean isilik mantentzeagatik eta berme juridikorik gabeko auziok burutzen uzteagatik; azken urteotan jaso diren eta datorren hilabeteotan jasoko diren gertakizun bidegabeak; eta azkenik, herri saharauiarrak etengabe jasaten duen giza-eskubide urraketa.

Guzti horregatik, datorren 26rako maila internazionalean antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu nahi diogu herritar orori. Guri dagokigunez, datorren larunbatean, urtarrilaren 26an, Bilboko Marokoko Kontsulatuaren aurrean (Errekalde Zumar-bideko 27.zenbakian) egingo den kontzentrazioan parte hartzeko gonbitea luzatzen dizuegu.

Auzi militar gehiagorik ez! Saharauiar politikari espetxeratuak askatu! Sahara hurra! Sahara askatu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo