GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusia

Euskara ikasleak: merezimenduak eta premiak

Hizkuntza politika berri honek, gutxienez, ezagutzaren «unibertsalizazioa» izan behar du helburu. Hau da, ahalik eta hiztun gehien sortzeko bitartekoak jarri behar dira

Asko hitz egin da euskararen normalizazioari buruz: zer egin behar den, non eragin, aurrera goazela, ez dela behar beste erabiltzen... Zenbat buru hainbat aburu.

Ondorengo lerroek estrategikoa den arlo baten gaineko hausnarketa zabaltzea dute helburu, helduen euskalduntze-alfabetatzea, hain zuzen ere.

Euskararen berreskurapenean, eta edozein hizkuntzaren berreskurapenean, bi zutabe dira nagusi, hezkuntza eta helduen irakaskuntza, eta inongo zalantza barik arlo bi hauei zor diegu, neurri batean, gaur egun euskarak duen egoera. Baina horrekin ezin gara konformatu, oraindik egiteko asko dago eta.

Martxoaren 14tik 24ra Korrika 18k Euskal Herriko errepideak zeharkatuko ditu «Eman euskara elkarri» lelopean. Elkarri hitz egiteko hizkuntza behar dugu, elkar entzuteko eta ulertzeko euskara behar dugu, eta honetan guztian denok dugu zeresana eta zeregina.

Zeregin honetan lan eskerga egin dutenak eta egiten ari direnak euskara ikasleak izan dira, eta dira. Hori eskertzeko, Korrika honetan beraiek izango dira omenduak. Euskara euskal herritarron elkarbizitzarako gakoa da, elkarri hitz egiteko, elkarri entzuteko, eta elkar ulertzeko tresna izan behar duelako. Eta horretarako, beharrezkoa da gurea den hizkuntza jakitea.

Milaka izan dira euskara ikasteko pausoa eman, eta ikasi dutenak, ederki ikasi ere!! Une honetan milaka pertsona ari da euskalakari izateko ahaleginetan. Nork ez du ezagutzen lanetik irten eta euskaltegira doan bat? edota udako oporretan barnetegian aritu izan dena? Adibide bi baino ez dira; zenbat bizipen, esfortzu eta abar dago milaka horien atzean? Izugarria da euskara ikasleak elkarbizitzari egiten dion ekarpena; elkarbizitzarako aukerak sortzen ari dira etengabe, horretxegatik merezi dute Korrikak egingo dien omenaldia.

Bestalde, herri honen etorkizuna ezin da ulertu euskararik gabe. Euskaraz bizitzeko hautua egin duenak horretarako aukera izan behar du, hizkuntzen arteko benetako berdintasuna erdietsi behar da eta horretarako hizkuntz politika eraginkorra behar dugu.

Hizkuntza politika berri honek, gutxienez, ezagutzaren «unibertsalizazioa» izan behar du helburu. Hau da, ahalik eta hiztun gehien sortzeko bitartekoak jarri behar dira. Bitartekoak modu askotarikoak izan daitezke; guri, euskaltegioi, ahalik eta zerbitzurik onena ematea dagokigu, eta, horretarako, euskaltegi indartsuak eta ondo hornituak behar ditugu. Bide horretan goaz, aski ez diren administrazio nagusien diru laguntzei eta, nola ez, herritarren laguntza txalogarriari esker.

Baina euskara ikasleak erakartzeko ere bitartekoak jarri behar dira, ez da onargarria, ezta ulergarria ere, berezkoa dugun hizkuntza ikasteagatik dirutza ordaindu behar izatea. Doakotasunaren bidea azkartu egin behar da, hartu behar diren erabakiak hartuz. Izan ere, une honetan euskara ikasleei egin ahal diegun omenaldirik onena baita, hurrengo ikasturtean euskaltegira izena ematera hurbiltzen direnean, ordaindu beharreko matrikula ahalik eta merkeena izatea.

EAEn arduradun politiko berriak daude eta legebiltzarrean bestelako indar korrelazio bat; bestalde, jendartean gero eta indartsuagoa da euskaraz bizi nahia; beraz, helburuak adosteko bide onetik joan daitekeelakoan nago, eta elkarlanean lana eginez, euskara ikasleek behar eta merezi duten omenaldi onena erdietsiko diegula. Arduradun berriekin izandako lehenbiziko harremanetan irakurketa bertsua egiten dutela ikusi dugu, eta hori poztekoa da. Gero, horren inplementazioan, elkarrekin bidea egitea eta benetako beharrei begirako helburuak, ildoak eta ekintzak konpartitzea eta adostea da komeni zaiguna denoi. Hala izateko asmo osoa dugu euskalgintzan eta, bide horretan, elkarlanerako gure prestasun osoa dute.

Euskara elkarri emate horretan alde guztiek dute/ dugu gure erantzukizuna; helduko diogu, ezta?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo