GARA > Idatzia > Kultura

Gauerdiko maitasunak agerian Tanttakaren antzezlan berrian

Lau emanaldi eskainiko dituzte Iker Galartza, Itziar Atienza eta Iñaki Font aktoreek Donostian. Gaurkoa eta igandekoa euskaraz izango dira, eta biharkoa eta etzikoa gaztelaniaz. Musikak leku berezia izanik, gaur egungo komedia erromantikoa emango dute oholtzan.

p047_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Parrandan ustekabean sortzen den maitasun baten istorioa kontatuko digute Tanttaka Teatroko aktoreek gaur bertan Donostian eskainiko duten lan berrian. Euskarazko bertsioa, «Gau erdian», estreinakoz ikusi ahal izan zen Tolosako Leidor aretoan joan den astean, eta bertan harrera ona izan ostean Victoria Eugenia aretoan arituko dira Iker Galartza eta Itziar Atienza aktoreak gaur eta igandean.

Atienza, gainera, gaztelaniazko bertsioan ere («A medianoche») protagonista da Iñaki Font kidearekin batera. «Eskizofreniko samarra naiz, lehenego hizkuntza batean eta gero bestean», azaldu zuen aktoreak. Bi obrak berdinak badira ere, gizonezko aktore bakoitzak bere ukituak eman dizkio pertsonaiari. Bihar eta etzi eskainiko dira gaztelaniazko emanaldiak. «Oso polita da etxean obra bat estreinakoz aurkeztea, zeren ni Madrilen bizi banaiz ere, donostiarra naiz jaiotzez», baieztatu zuen Fontek.

Ezohiko antzezlana

Jatorrizko gidoia Edinburgoko jaialdi batean sortu zen eta duen formatu freskoagatik (ez da antzerki arrunta) eta gai baikorragatik -aldaketa posible dela defendatzen du- segituan hasi zen ahoz aho bidaiatzen eta Tantarantana Teatre konpainia katalanak eskuratu zuen. Hori Tanttakarekin lankidetzan aritu izan da zenbaitetan.

Kasu honetan Aitziber Garmendia aktoreari egokitu zaio itzultzaile lana egitea. Bere hitzetan, «erronka bat izan da, testua hitzez hitz pentsatuta dagoelako». Garmendia jatorrizko testuarekiko gardentasunez jokatzen saiatu da berezko umorea mantentzearren. «Antzezlan abestiduna da, ez musikala», zehaztu zuen.

Iker Galartzak aipatu zuen hiruretako inork ez zekiela gitarra jotzen, eta orain bost kanta behintzat jo ditzakete. «Beste antzezlan batean hartzen banaute, ikasiko ditut beste bost. Orain gitarra jotzen duen aktorea naiz», bota zuen txantxetan.

Gitarra jotzen ikastea zailtasun txiki bat izan bada ere, era berean lagungarria izan zaie, kanten bidez istorioaren zatiak kontatzen dituztelako. Galartzak onartu zuen hasieran kosta egin bazitzaion ere, gero gustura hartzen zuela gitarrarekin entseatzea, airea ematen zielako. «Uste dut publikoarentzat ere airea hartzeko unea direla kantak».

Funtsean bikote batek lagunei nola ezagutu ziren kontatuko diete. Lagunen papera publikoak betetzen du. Atienzaren esanetan, ez dago laugarren hormarik eta aktoreak zuzenean ikusleekin harremanetan jartzen dira, lagunartean bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo