GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Kritika zilegi da, baina funtsatua izan behar du

Atzo ELAren XIII. Biltzarraren hasieran, sindikatu horretako idazkari nagusi Adolfo Muñozek mobilizatu eta aliantzak lortu beharra azpimarratu zuen, lan mundua jasaten ari den erasoari aurre egiteko. Halaber, EAJ, PP, PSE, UPN eta PSNri kontu publikoak deskapitalizatu izana egotzi zien, eta Bilduk ere «egiturazko akordio» horrekin bat egin duela esan zuen. Kritika zilegi da, jakina, zilegi eta beharrezkoa, baina kasu honetan akusazio hori ez da bidezkoa. Ez baita bidezkoa esatea Bilduk ez duela «heredatutako zerga politika zalantzan jarri», indar hori politika hori aldatzen ahalegindu baita, eta norabide horretan pausoak eman ere egin du ahal izan duen neurrian. Ez da bidezkoa aldaketa horretarako urratsak egiten hasi den indar bakarra gainerakoen zaku berean sartzea. Ez baitira inondik inora gauza bera politika sozioekonomiko bidezko bat ezarri nahi ez izatea, eta hartarako ahalmen mugatua izanda ere, norabide horretan jardutea. ELAk ondo daki Bildu dela bere diagnosiarekin eta berak proposatzen duen eredu sozioekonomikoari dagokionez, baita mobilizazioaren eta elkarlanaren beharrari dagokionez ere, bat datorren indar politiko bakarra. Esan bezala, horrek ez du esan nahi indar hori perfektua edo ukiezina dela, jakina, baina kritikak funtsatua izan behar du, eta halako distantzia nabarmentzeko denak berdin direlako leloari heltzeak ez dirudi serioegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo