GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Avironek puntuak beharrezkoak ditu

Jon LEUNDA

Avironek garaipena behar du arazoetatik irteten joateko, baina aurrean izango duen taldea oso indartsua da, Castres etorriko baita Baionara gaur iluntzeko 21.00etan.

Europako ibilbidea amaituta, zuri-urdinek gogotsu itzuli nahi dute Ligara, eta horretarako Castres mendean hartu nahi dute. Castres sailkapeneko laugarren postuan dago. Jokatutako hamabost partidetatik bederatzi irabazi ditu talde frantziarrak, berdinketa bat, eta bost galdu ditu. Une honetan 26 puntu ditu Castres taldeak, eta askorentzat Ligako finalerdiak jokatzeko faborito nagusietako bat da.

Aviron, berriz, sailkapeneko hamaikagarren postuan dago, jokatutako hamabost partidetatik bost irabazi eta hamar galduta. Oraingoz, hiru talde bakarrik ditu bere atzetik, eta bik galtzen dute maila. 26 puntu dauzka, eta bere atzetik dagoenak 18 ditu. Beraz, gaur galduta ere, ez litzateke dagoen lekutik mugituko, baina atzetik datozenek irabaziko balute asko gerturatuko zaizkio, eta egoera okertu egingo zaio. Irabazita ere, dagoen lekuan geratuko da, aurretik duen taldea harrapatzeko aukerarik ez duelako, baina puntuen kopuruen aldetik, alde handi samarra izango litzateke.

Baionarrek gaurko partida festa izatea nahi dute, eta jaia antolatu dute. 19.30ean irekiko dituzte Jean Dauguer estadioko ateak, eta ondoren edatekoa eta jatekoa jarri dituzte estadioan, horrela jendea animatzeko. Partida hasi aurreko minutuak, berriz, Sun Flowersek animatuko ditu estadioan bertan.

Hamabostekoa ez du eman ezagutzera taldeko entrenatzaileak, izan ere, aurretik zelaiaren egoera ere ikusi nahi du. Azken egun hauetako euriteek berdegunea oso bustia utzi dute, eta lokatzik ere ez da faltako. Teknika baino indarra beharko dela adierazi zuen atzo Christian Lantak Avirongo entrenatzaileak. Izan ere, gaur jokaldi bikainak eta ikusgarriak egitea ez da inorentzat batere erraza izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo