Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria
Non zeunden Yolanda?
Iruñeko alkate zinenean, nonahi zabaldu zen «Una bofetada» kantua ez zen zure gustuko izan eta La Chula Potra abeslariaren kontrako salaketa jarri zenuen mindu plantak eginez. Egun, «Non zaude Yolanda» zioen kantuak inoiz baino zentzu handiagoa duela esango nuke, CAN auziari begira.
Badakit otsailaren 5ean Parlamentuan agerraldia egingo duzula, baina ez didazu ukatuko apur bat galduta egon zarela orain arte. Egia da iragan igandean gutun bat igorri zenuela denok irakur genezan, baina ez da detaile polita izan soilik «Diario de Navarra»-ra bidaltzea, bereziki kontuan hartuta idazten ari naizen egunkari honetan, Aritz Intxustaren eskutik, besteak beste, CANen izan duzun parte hartzearen inguruan argitaratzen ari den informazio guztia. Zuk badakizu, ordea, nola jokatu eta bete-betean asmatu duzu orain arte, Noam Chomskyren manipulazio mediatikoaren puntu bakoitza kasik betetzeraino. Azalpenak eskatu zaizkizunean, umeak bagina bezala tratatu gaituzun sentsazioa daukat, guk, herritarrok, zure jardueraren nondik norakoak ulertuko ez ditugulakoan. Zure kontrako salaketa jarri dutenei aipua kendu nahi izan diezu, arreta desbideratu nahian eta orain gainera, biktimarena egiten duzu, zuri esklusiboki eskaini zizuten banka produktuak egun ez duela apenas etekinik ematen esanez.
Begi bistakoa dena da CAN izandakoa Banca Civicara salto egin eta Caixa bihurtu denak etekinak ematetik urrun, galerak besterik ez dizkiela ekarri nafarrei eta bilakaera horretan batzuen poltsikoak nola bete diren argitzea dagokizu orain, «non zeunden Yolanda» galderari erantzuteko unea iritsi zaizu.