Gerrako haur euskaldunen istorioa kontatzen duen dokumentala euskaraz
GARA | DONOSTIA
Zinemaldian ikusi ahal izan genuen euskal ekoizpeneko «To say goodbye» dokumentalaren euskarazko bertsioa estreinatuko dute otsailaren 8an Gernikan, «Agur esatea» izenarekin. Pasa den urtarrilaren 21ean Tolosako Leidor aretoan egin zuten aurrestreinaldia, Zineuskadi elkarteak antolatutako saio berezian.
Filmaren jatorrizko bertsioa ingelesez da, bertako protagonistek gaur egun hoberen erabiltzen duten hizkuntza delako. Izan ere, dokumentalak 1937an Britainia Handira ebakuatu zituzten 4.000 euskal haurren istorioa kontatzen du. 75 urteren buruan, oraindik batzuk bertan bizi dira ezin izan zirelako Euskal Herrira itzuli eta bertan osatu zutelako familia.
80 eta 90 urte bitartean dituzten 14 erbesteratuen ahotsetan ezagutuko dugu istorio latz hura, soinu adierazgarri eta animazio landu batez lagundurik, kontakizunari protagonismoa kendu gabe. Matt Richardsek zuzendutako lan honetan garrantzitsua da narratzaileak nola hunkitzen diren eta nola barre egiten duten, baina helburua gertatu zena ez ahaztea da.