GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitor Miguel Quintana Alternatiba-Araba

Mas, Urkullu, Rajoy eta borboitarren trena

Eredu desegoki eta zibilizazio gaixotu batek bakarrik zuzentzen ditu bere baliabide gehienak arrakasta bermerik gabeko proiektuetara

Orain dela gutxi, Espainiako Erresumako egunkarietako azalak morboz beteriko argazkiarekin bete ziren Mariano Rajoy, Sustapen ministroa, Borboitarren oinordekoa eta Kataluniako lehendakari Artur Mas elkartzen zituena Madril-Paris Abiadura Handiko Trenbidearen azken zatiaren inaugurazioan.

Bazen tentsioz beteriko argazkia ere, Kataluniako subiranotasunaren gatazka biziaren ikuspuntutik begiratuz gero. Kataluniako subiranistak eta herritarren zein haien lurraldeen askatasunaren gainetik Estatuaren erabakiak ezartzen dituztenak aurrez aurre.

Argazki honek sorrarazi zuen norgehiagoka sentsazioa, seguru aski, ez zen guztiek eta neurri berean partekatua izan. Subiranotasunari beste ikuspuntu batetik begiratzen diogunok, erosotasunez bidaiatzen zuten lau pertsona ikusten genituen. Lau buruzagi, banatzen dituzten ustezko gerra mediatikoen gainetik, komunean dutenarengatik askoz ere batuagoak ziruditenak. Horrexegatik, haien arteko identitate desberdintasunak alde batera utzita, ezin gusturago ageri ziren Abiadura Handian elkarrekin bidaiatzen.

Batzuentzat subiranotasun nazionala epe laburrerako lanabesa baino ez da, ez bada herri guztien subiranotasun osoa lortzeko erabiltzen. Subiranotasun nazionalak gutxirako balio digu betiko eredu sozioekonomikoa berregiteko erabiltzen badugu.

Abiadura Handian eta zubien bitartez herrien oso gainetik bidaiatzen duten bitartean, ez dugu Rajoyren eta Masen arteko funtsezko desberdintasunik ikusten. Ez dugu desberdintasunik ikusten, biek egoeraren araberako krisialdia bizi dugula esaten dutelako, krisi sistematikoa bizi dugula ukatuz. Gainera, biek murrizketetan eta makroproiektuetan oinarritutako bide berdinak erabiltzen dituzte, haien ospea handitzeko eta gutxi batzuen onuraren alde.

Abiadura handiko trena bezalako proiektuak aldez aurretik higikortasun ikerketak egin gabe eta beren eragin ekonomikoa aztertu gabe sustatu izan dira. Ezta ingurumenean eragina duten ekintzetan gidatu beharreko ardura printzipioen arabera egin ere, herrialdeen baliabide ekonomikoak hamarkada luzeetan galzorian ipintzen dituztenak.

Mariano, Mas, Urkullu eta enparauak dira eredu sozioekonomiko berdinaren buruzagiak, AHTren, Supersur-en, errausteko makrolabeen eta frackingaren gainean eraikitzen dutena. Primitibo izatea leporatu digute garapen modu honen kontra egin dugunoi. Oraindik ere, gizajale deitzen digute Elikadura Burujabetzaz ari garenean. Baina kontua da gaur egun, eta 20 urteko ustiapenaren ostean, AHTren kontuak ez zaizkiola ateratzen Espainiako Estatuari. Ezta Bizkaiari ere Supersurrekin. Arabako akuiferoak ere kutsatu behar al ditugu frackinga ez dela bidea frogatzeko?

Eredu desegoki eta zibilizazio gaixotu batek bakarrik zuzentzen ditu bere baliabide gehienak arrakasta bermerik gabeko proiektuetara, izaera alternatiboa duten aitzakiarekin, osasuna eta hezkuntza bezalako ezinbesteko oinarri sozialak deseginez.

Subiranotasun nazionala da, hartara, desberdintzen gaituen eta berezko zentzua duen tresna bakarra, internazionalista eta solidarioa, herrialdeen subiranotasun osorako trantsizioa bermatuko duen ereduaren aldaketa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo