GARA > Idatzia > Kultura

Ameztoy, errealitatea islatzeko basamunduak sortzen zituen artista

Donostian sortu eta Villabonan bizi izan zen urte askoan Vicente Ameztoy artista. Iaz, honen heriotzaren hamargarren urteurrena ospatzeko prestatu zuten erakusketa orain Donostian dago, pintoreak hainbeste maitatzen zuen Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan. 50 artelan eta objektu pertsonalen artean, hiru pieza berri daude.

p042_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Vicente Ameztoy pintorearen hiru hamarkadetako ibilbidearen laburpen bat ikus dezakegu Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan, atzo hasi eta martxoaren 23ra bitartean zabalik izango den «Etxe-Ondotik» erakusketan. Leku hau berezia zen artista donostiarrarentzat, bertan jarri baitzituzten ikusgai bere erakusketa gehienak.

Guztira 50 pieza inguru ikusi daitezke erakusketan, koadroak, kartelak, kutxak eta objektu pertsonalak barne. Guztiek Ameztoyren obraren nondik norakoak argitzeko balio digute, eta berari egotzi zaion unibertso onirikoa identifikatzeko. Izan ere, duela hamaika urte hil zen pintore honen ezaugarrietako bat da naturako elementuek artelanetan duten garrantzia, eta elementu horiek ironiarekin nahastuz plazaratzen diren aldarrikapenak.

Erakusketaren aurkezpenean izan ziren artistaren alarguna, Virginia Lopez-Montenegro, eta alaba, Virginia Ameztoy. Lehenak aipatu zuen erakusketa hau Villabonako Udalak iaz prestatu zuela heriotzaren hamargarren urteurrenean, bertan hogei urte bizi izan zelako eta halako omenaldi bat egin nahi ziolako herriak. Erakusketa berbera orain Donostian, eta batez ere, erakustoki honetan egotea hunkigarria egiten zaio Lopez-Montenegrori.

Villabonan ikusgai izan ziren piezez gain, beste hiru daude Donostian: «Ostias XXL de Hachis» kutxa (1977), Maiatza Dantzan 1988ko ekitaldirako egin zuen kartelaren tenpera originala eta olio handi bat, non mihisea bitan zatituz errealitatearen eta natura fantastikoaren lotura sortzen duen.

Bere hitzetan, «batzuetan magikoa, beste batzuetan madarikatua, baina beti maitatua» zen Villabonako «Etxe-Ondo» baserrian garatu zuen bere sorkuntza artistikoa, eta erakusketa honen izenburuak bizileku kuttun horren ateak irekitzen dizkigutela esan nahi du, Ameztoyren barrenekoak, alegia.

Virginia Ameztoyk, artistaren alaba eta erakusketaren komisarioak, kontatu zuen Vicente oso langilea zela, baina batzuek ez zekitela hori ikusten. «Ez zuen ordutegirik, baina lan asko egin zuen. Jendeak ez zuen ulertzen zein zaila den mihise zuri baten aurrean esertzea eta ideia bat etorri arte bertan egotea».

Virginia Lopez-Montenegro alargunak gaineratu zuen artistak xehetasunak asko zaintzen zituela, eta horregatik denbora asko ematen zuela obra batean lanean. Hori dela-eta, ia ez zuen galerietan erakusketarik prestatzen. «Arduratu egiten zen, datak ez zituelako betetzen edo inoiz ez zekielako egiten ari zen hori gustuko izango zuen edo ez, egindakoa mantendu edo ezabatu egingo zuen -azaldu zuen- horregatik dago material gehiena gordailu pribatuetan»

Gizartearekin konpromisoa

Pastel, ikatz-marrazki, grabatu eta litografien artean garrantzia berezia dute kartelek, erakusketako gune batean denak batera bilduta. Bertan ikus daitezke, besteak beste, 1991ko Zinemaldia iragartzen duena, Goetheren heriotzaren 150. urteurrenerako prestatutakoa, Marxi buruzko ziklo batena, AHTren kontrakoa edo «Zeruko Argia» aldizkarirako 1978an egindako portadak.

Francis Lopez Landatxe Koldo Mitxelenako zuzendariak iragarri zuenez, aldizkari-azal horiek bildu eta argitalpen bat atera dute Gipuzkoako Aldundiaren eta «Argia» aldizkariaren laguntzarekin.

«Oso portada bitxiak dira, bere estiloari jarraituz -aipatu zuen-, esaten zuten basamundu batean bizi zela, baina gizartearekin konpromisoa hartzen zuela ikusten da». Adibide gisa, ikusgai dagoen olio bat aipatu eta haren edukia azaldu zuen. Lehen begiratuan lastozko gizakiak ikusten dira, disko hegalarien doinuan dantzan, baina hondoarekin nahastuta xehetasun garrantzitsu bat dago: polizia kontrol bat. «Garai hartan oso anitzak ziren. Egiten zuena, azken batean, errealitatearen erreferentzia bat zen».

Konpromiso horren eredu zen Artelekurekin zuen etengabeko partaidetza. Bertan pintura tailerrak prestatu zituen eta «Karne&Klorofila» erakusketa prestatu zuen. Bertako ikasleekin egindako litografiak ere erakusketan daude.

JAKIN-MINA ASETZEKO

Ameztoyren lana hobeto ulertu eta ezagutzeko, ikus-entzunezko bat osatu dute hainbat elkarrizketa pasarte bilduz. Horrez gain, hainbat katalogo ikus daitezke, erakusketan ez dauden obrak lasai aztertzeko.

GANBARAN AZKENA

Koldo Mitxelenako Ganbaran erakusketa egin zuen azken aldia hil baino urtebete lehenago izan zen, 2000. urtean. «Eliztarrak-Mundutarrak» bildumak Remelluriko ermitako santuen pinturak biltzen ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo