animaziozko euskal zinemagintza
«Blackie eta Kanuto», mundu osora iritsiko den animaziozko euskal filma
Otsailaren 15ean estreinatuko da «Blackie eta Kanuto», 3D estereoskopikoan eginiko lehen euskal filma, euskaraz eta gaztelaniaz. Durangoko Baleuko ekoizpen etxeak atzerriko beste bi enpresarekin batera eginiko lana dugu.
Alvaro HILARIO | BILBO
Lanean sei urte eman eta gero, 3D estereoskopikoan (hau da, filma ikusi ahal izateko betaurreko bereziak behar dira) egindako lehenengo euskal film luzea, «Blackie eta Kanuto», prest dago astebete barru, otsailaren 15ean, zinema aretoetara jauzi egiteko.
Filma Durangoko Baleuko ekoizpen etxeak Art'mell (Estatu frantsesa) eta Lumiq (Italia) konpainiekin egindako lanaren emaitza da. Goscinnyk eta Uderzok sortutako Idefix estudioan ibilitako Francis Nielsen (Annecy, Estatu frantsesa) da zuzendaria eta Ivan Oneka (Bilbo, 1975) zuzendari artistikoa.
Areto komertzialetan estreinaldia datorren astean izango bada ere, 2012ko Animabasauri-Animabasque jaialdian filma ikusteko parada egon zen eta igande honetan, otsailaren 10ean, Bilboko BBK aretoan izango da banketxeko bezeroentzako aurrestreinaldia.
Barton Films da, bestalde, filma banatzen diharduen enpresa.
Ezina, ekinez egina
Filmaren istorioa familia artean gozatzeko egiten diren horietako bat da: Blackie, ilargira joatearekin tematuta dabilen ardi beltza da. Kanuto berriz, Blackierekin itsututa dagoen artzain txakurra, kohetearen kontua entzun ere egin nahi ez duena. Bidaiari ekingo diote, eta jakina, bidean beste lagun askorekin topo egingo dute (behi kantariak, otso limurtzailea, legez kanpoko armiarma etorkinak, hegazti hippiak eta kohete bat aireratzeko prest dagoen txakur talde bitxia), baina Pinky ere bai tartean, Godzilla itxurako arrosa koloreko ardi erraldoia, bidaia galarazten saiatuko dena.
«Ilargira joan nahi du ardiak, hots, amets ezinezkoa bete nahi du», adierazi zuen atzoko prentsaurrekoan Baleukoko Eduardo Barinagak, «ezina, ekinez egina» esaera zaharrak laburbil dezakeen filmaren gaia zehaztu nahian.
«Filma erritmo bizikoa eta mugimendu askokoa da eta normala denetik harago doan kolorea dauka», esan zuen Barinagak, animaziozko filmen etorkizuna familia merkatuan dagoela aitortuz jarraian.
Lan potoloena
Sei urte eta 120 pertsona izan dira beharrezkoak filma gauzatzeko, aurrekontua 8 milioi eurokoa izan delarik. AEBetan ekoiztutako filmek izan ohi duten dirutzarekin alderatuta diru gutxi dirudien arren, Baleukoko Eduardo Barinagaren esanetan, hauxe da ekoizpen etxeak sekula egin duen «proiekturik potoloena», Baleukoren lehenengo «koprodukzio erraldoia».
«Blackie eta Kanuto» filmaren errealizazioa prozesu «gogorra eta garestia» izan da, nabarmendu zuen Barinagak, gogora ekarriz egitasmoan lan egin duten hiru ekoizpen etxeak leku ezberdinetakoak direla, eta nork bere izaera eta kultura dituela.
AEBetako Pixar edota Disney bezalako etxe erraldoiekin lehian dabilen arren, ezberdinak dira erabat Baleukoren lanak: «Bazen `Blackie eta Kanuto' estreinatzeko tenorea, animaziozko filmak egitea luze, aspergarri eta garesti suertatzen delako», esan zuen Ivan Oneka zuzendari artistikoak, lanaren nondik norakoak azaldu aurretik. Estetikari dagokionez, kasu, film atzerritarrak baino «ausartagoa» dela adierazi zuen Onekak. «Ikutu europarra ematen saiatu gara, pantailetan, dagoeneko, estandar yanki larregi badelako. Bestalde, filma dugu azken garaietan eta Estatu espainolean egin den gauza politenetako bat. Freskotasuna da merkatura egiten dugun ekarpena», gehitu zuen Onekak. Hala ere, ahalik eta sarrera gehien saltzea, merkatu hutsa, ez da Baleukoren helburua: «Kontuan izan behar dugu gureak ez direla merkatu-ikerketetatik sortutako filmak».
Onekak berak agertu zuen 3D eta 3D estereoskopikoaren arteko aldea: «3D prozesua da, batez ere; marrazki bizidun arruntek baino kalitate hobea izan arren, ikusleak ez du ezer berezirik sumatzen. Estereoskopikoan egina bada, ordea, filma sestra anitzetan ikusten da, eremu sakontasuna dauka. Honek lan eta aurrekontu bikoitza dakar, lana birritan filmatzen baita».
Egitasmo honek EITBren eta TVEren laguntza izan du, baita filmetik jaioa eta bukatzear dagoen telesail berriak ere. Hamaika minutuko hogeita sei kapituluk osatuko dute «Blackie, ardi beltza» telesail berria.
«Blackie eta Kanuto», Euskal Herrian ekoiztutako aurreneko 3D film luzea da. Sei urte behar izan dituzte filma bukatzeko, Nielsen eta Onekaren aginduetara 120 pertsonek lan egin dutelarik.
«Blackie eta Kanuto» film luzea ez ezik, hamaika minutuko hogeita sei kapitulu izango dituen «Blackie, ardi beltza» izeneko telesail berria dauka esku artean Baleuko ekoizpen etxeak. EITBk eta TVEk diruz lagundu dituzte egitasmo bata zein bestea.
Baleuko S.L. 1993an sortutako ikus-entzunezko ekoizpen etxea da. Animazioa, telebista eta zinema alorretan egiten du lan. Animaziozko hamaika film luze ekoitzi ditu, hiru fikziozkoak, baita dokumental ugari eta formatu anitzetako telebista saio ugari ere.