Brouard auzia, «kontakizuna» egiteko asmoz?
Ia hiru hamarkada joan dira gerra zikinak Santi Brouard hil zuenetik. Hilketa hura epaitu egin bazuten ere, ez dago epaiketetan argituta. Izan ere, 1993an Rafael Lopez Ocaña eta Jose Rodriguez Diez zigortu bazituzten ere, tribunalak berak esan zuen horiek ez zirela atentatuarekin zerikusia izan zuten bakarrak. Hamar urte geroago, beste hiru akusatu, Jose Amedo, Jose Luis Morcillo eta Rafael Masa absolbitu egin zituzten. Eta egunotan Bilboko epaitegi bat atentatu haren inguruko salaketa baten izapideak egiten ari da. Jose Amedok ezarria da salaketa; horregatik, guztiz ulergarria da Brouarden sendiak albistea zuhurtzia handiz hartu izana, epaitegiak salaketari ematen dion sinesgarritasunaren arabera, akusazio gisa aurkezteko edo ez. Izan ere, 1993ko epaiketan, hain zuzen Amedoren adierazpenetan oinarrituta absolbitu zituzten Morcillo eta Masa. Hausnarketa jakingarri bat egin zuen buruzagi abertzalearen sendiak, salaketa horrek ez dituela egia eta justizia helburu, alegia. Esanguratsua da kasu hau, beste asko bezala, liskar politikorako tresna gisa erabiltzea, baina memoria, egia eta justizia bakerantz eta bizikidetzaranzko pausoak oztopatzeko hain maiz erabiltzen diren honetan, batzuek «kontaketatik» kanpo utzi nahi izatea. Hogeita zortzi urteren buruan, Brouarden hilketak argitu gabe dirau... epaitegietan, behinik behin. Eta hori ere kontatu behar da, gertatu da eta.