GARA > Idatzia > Kultura

Historia-liburuetatik kanpo, memoria literaturan islatu

1936ko gerra eta euskal gatazka hizpide hartuta osatu dute «Gatazken lorratzak. Euskal arazoen isla narratiban 1936tik gaurdaino» liburua. Jon Kortazarrek eta Amaia Serrano Mariezkurrenak koordinatuta, «memoria gako hitz» bilakatu den garaiotan, zenbait autorek euren hausnarketa egin dute.
p054_f01.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

75 bat urte igaro badira ere, 36ko gerrak oraindik ere jarraitzen du izaten euskaldunontzat nolabaiteko «mito», «gure oraingo nortasuna eta izaera azaltzeko balio diguna», azaldu zuen Ur Apalategi idazleak. Berak ere hartu du parte «Gatazken lorratzak. Euskal arazoen isla narratiban 1936tik gaurdaino» liburuan. Utriusque Vasconiae argitaletxeak eman du argitara «Kritika literarioa» sailean eta Amaia Serrano Mariezkurrenak adierazi bezala, «hainbat literatur kritikariren ahotsak biltzen dituen liburu honetan Gerra Zibilaz eta euskal gatazkaz diharduten narrazioak hartu dira hizpide».

«Gerra Zibilak ez ezik, iragan hurbilean euskal gatazkak utzitako zauriak ere badira gurean», esan zuen Serranok, azterketa esparrua ia gaurdaino zabaldu izana esplikatzeko. «Gertaera samingarri horiek gogoratu eta lekukotasuna emateko eskubidea eginbehar bihurtzen da halakoetan. Historia ofiziala garaileek kontatua izan da luzaroan, baina esan liteke historia hori ezabatzen, osatzen, birsortzen ari dela», gaineratu zuen, eta birsortze hori literaturaren bitartez ematen ari da nagusiki. Narrazio lan horiek aztertzea izan da liburuan parte hartu dutenen xedea. Serranorekin batera Jon Kortazar aritu da koordinazio lanetan eta euren analisiak eskaini dituzte Ur Apalategik, Ibon Egańak, Xabier Etxanizek, Manu Lopez Gasenik eta Alvaro Rabellik.

Liburua bi zatitan banatuta dago. Lehenengo hiru artikuluek perspektiba bat eskaintzen dute. «Gerra Zibilaren memoria euskal kontagintzan» idatzi du Jon Kortazarrek, «1936ko gerra euskal haur eta gazte literaturan» Xabier Etxanizek eta Manu Lopez Gasenik, eta «Begiradak gatazkaren gainean» Ibon Egańak. Bigarren zatian, hiru monografiko eskaintzen dira. Ur Apalategik Ramon Saizarbitoriaren obrari buruz hausnartu du. Alvaro Rabellik, berriz, Inazio Mujika Iraolaren «Gerezi denbora» aztertu du. «Egia da Gerra zibila aipatzen denean anarkisten irudia ez dela ohikoa izaten», azaldu zuen Jon Kortazarrek. Eta, bukatzeko, Amaia Serranok Jokin Muńozen «Antzararen bidea» izan du aztergai.

Orain arte obra ugaritan ageri da 36ko gerra. Hasieran aipatu bezala, Ur Apalategiren iritziz, Gerra Zibila bada oraindik gure nortasuna azaltzeko mito baliagarria. Halere, «badut susmoa hurbilago daukagun gatazkak gain hartuko diola», nabarmendu zuen.

MITOA

Orain arte obra ugaritan ageri da 36ko gerra. Ur Apalategiren iritziz, Gerra Zibila bada oraindik gure nortasuna azaltzeko mito baliagarria; halere, «badut susmoa hurbilago daukagun gatazkak gain hartuko diola», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo