GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Agusti Waltarik eta Patrick Ozafrainek finalerako txartela izango dute jokoan

Jon LEUNDA

Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldia jokatuko da gaur Baigorrin, 16.00etan hasita. Lehen partidan Ozafrain eta Waltari neurtuko dira, eta bigarrengoan, berriz, Ertxeberri eta Ezkurra arituko dira nor baino nor.

Waltari eta Ozafrain dira lehen jardunaldiko irabazleak, eta gaur garaipena lortzen duenak finalean izateko urrats handia egingo du. Bi pilotari hauek dira iaz finala jokatu zutenak, eta aurtengoa jokatzeko ere faboritoak dira, baina gaur Kubakoa aterako da garaipena erdiesteko faborito; dirua, behintzat, bere alde aterako da.

Dena dela, Superprestigioan ikusi zen Agusti Waltari ere menderatu daitekeela, nahiz eta lehiaketa horretan amerikarrak hemengo erara, pilota behetik gora joaz, atera behar izaten duen eta orain, berriz, bere erara ateratzeko aukera daukan.

Waltarik partida azkarrak nahi izaten ditu, eta horretarako sakearekin min egiten saiatuko da. Bankako atzelari beteranoak ere badaki errestoan lan handia egin beharko duela. Hor emaitza ona lortzen baldin badu, irabazteko asko izan dezake, baina zailena ere Waltariren sakeak itzultzea izaten da.

Bigarren partidan, berriz, lehen jardunaldiko bi galtzaileak izango dira, Etxeberri eta Ezkurra. Gaur galtzen duenak badaki ia ezinezkoa izango duela finalean izatea, eta final kutsuko edo kanporaketa bat bezalako neurketa izango da. Galdu arren, joan den astean biek itxura ona eman zuten, baina dirua Paxkal Ezkurraren alde aterako da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo