GARA > Idatzia > Euskal Herria

Erantzukizunak eskatu ditu «Egunkaria»-k; berriz gerta ez dadila, Lakuak

Guardia zibilek duela hamar urte hartutako tokia oroimen eta elkartasun gune bilakatu zen atzo eguerdian. «Egunkaria»-ren erredakzioa zegoen lekutik mezu ozena bidali zuten orduko langileek eta arduradunek: inork ez du erantzukizunik hartu orduan egindakoaz, eta «auzi ekonomikoa» delakoa oraindik hor dago, itxi gabe. Bitartean, mezu apalagoa eman zuen Lakuako Gobernuak: berriro ere horrelakorik gerta ez dadila eskatu zuen ohar baten bidez.

p010_f02_50869.jpg

R.S. | ANDOAIN

2003ko otsailaren 20ko goizeko irudiak nahi eta nahi ez guztion burura itzuli ziren atzo Andoaingo Martin Ugalde parkean. Baina ``Egunkaria'' hartzen zuen eraikina guardia zibilez inguraturik egon zen orduan; eta atzo, ordea, langilez, auzipetuez, kazetariez, euskaldunez, lagunez... Sarekadatik hamar urte betetzen zirela, ekitaldia burutu zuten bertan, hamarkada luze honetan zehar gertatutakoa bildu, baina batez ere auzia oraindik itxi gabe dagoela gogorarazteko. Eta, honekin batera, Estatuak ez duela inolako erantzukizunik hartu nabarmentzeko.

Joan Mari Torrealdairi egokitu zitzaion ekitaldia amaitzeko hitzaldia, eta atzera eragitearen ezintasun hori salatu zuen. Edozein hedabide ixteak berez bere heriotza dakarrela aipatu zuen, baina erantsi zuenez, kasu honetan Auzitegi Nazionalak agindu zuen ahalik eta lasterren likidatzea. Absoluzioa gertatu ondoren ere erreparazioa lortzen ahalegindu dira ``Egunkaria''-n ibilitakoak, baina dena ukatu diete, eta Torrealdaik argi utzi zuen: «Kalte-ordainik ez dugu espero».

Gainera, «auzi ekonomikoa» ixten ez den bitartean, «`Egunkaria'-ren zauriari odola dario», esan zuen sarekada horretan atxilotua, torturatua eta hiru astez kartzelatua izan zen Joan Mari Torrealdaik. Kezka biziz mintzatu zen horretaz, batetik zigor eskaerak handiak izan daitezkeelako eta bestetik 2003ko garai hartan Jose Maria Aznarren Gobernuko presidenteordea Mariano Rajoy zelako: «Gure beldurrak sustrai sakonak ditu», adierazi zuen. Hori guztia dela-eta, «gu kalean gaude, baina `Egunkaria' ez. Epaiketa gabe, kondena gabe, itxi egin zuten», laburbildu zuen euskaltzaleak.

Bere hitzak dozenaka lagunek entzun eta txalotu zituzten, tartean garai hartan hainbeste jantzi ziren elastiko urdinak soinean zeramatzaten ``Egunkaria''-n lan egiten zuten kazetariek eta gainerako langileek.

Euskal hedabideetan diharduten beste hainbat lagun hurbildu zen Andoainera -tartean Iñaki Soto, GARAko zuzendaria-, baita ordezkari politiko ugari ere. Izen bakan batzuk aipatzeagatik, Gipuzkoako diputatu nagusi den Martin Garitano -hau ere kazetaria eta ``Egin''-en itxiera zuzenean pairatu izan zuena-, aurreko legealdian kargu bera izandako Markel Olano, Joseba Egibar, Joseba Permach, Joseba Alvarez eta Pello Urizar.

Torrealdaik hitza hartu aurretik, sentiberatasun handiko lekukotasunak eskaini ziren, bideo baten bidez. Langileek lehenengo pertsonan eman zuten orduan sentitu zutenaren berri. Maddalen Iriartek, esaterako, ``Egunkaria''-ren zero zenbakian laguntzeak eragin zion poza adierazi zuen: «Ni ere haurdun nengoen eta dena jaiotzen ari zela sentitzen nuen». Eta hura ez zela egunkari soila izan, «bizimodua» baizik, erantsi zuten gero ``Egunkaria''-n aritu ziren beste kazetari batzuek.

Baina bide hori bortizki moztu zuten otsailaren 20ko hartan. «Hotzikara», «korapiloa tripan», «beldurra» barru-barruan sentitu zutela azaldu zuten, baita «amorrua» ere. Urte batzuk beranduago etorriko zen auzi nagusiko absoluzioaren albistea, «goxoa baino gazia ere bai, zein garesti ordaindu dugun!», laburbildu zuen Oihana Elduain kazetariak.

Lakua: «Bidegabea»

Lakuako Gobernuak ere ohar labur bat kaleratu zuen urteurren honen harira. 2003. urteko operazioari buruz, zera dio: «Justiziak, neurri batean, eman zuen ekintza hori justifikatzeko arrazoiei buruzko ebazpena, itxiera horrek egin zuen kaltea gaur, behin eta berriro, gogoratzea komeni den arren. Euskal kulturaren munduak, oro har, euskarak, bereziki, eta erasoak zuzenean eragindako `Egunkaria'-ko langileek guztiz bidegabea zen egoera baten ondorioak pairatu zituzten».

«Hamargarren urtemuga hori gertatu zena bezalakoak berriro ez errepikatzea eskatzeko baliatu nahi dugu», eransten du Hezkuntza Sailaren ohar honek.

SEI AIPAMEN

Ekitaldian aipamen berezia egin zieten «Egunkaria»-ko sustatzaile izan ostean hil diren Joxemi Zumalabe, Martin Ugalde, Luis Goia, Joseba Jaka eta Inma Gomilari, baita egun espetxean segitzen duen Xabier Alegriari ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo