GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria

Manifestu baten efemeridea

 

Krisi finantzarioa hasieran, krisi ekonomiko orokorra gero eta erabateko krisialdi sistemikoa egun pairatzen duguna. Urtetan zehar, sistema honen berezko izaera injustoaz aritu da jende anitz, baina egoera honetara iritsi behar izan dugu sistema bultzatu dutenen aho lotsagabeetatik «kapitalismoaren birsortzea» behar dela entzuteko. Orain egun gutxi honen inguruan ziharduen telebista-eztabaida batean algara sortu zen kazetari batek Marx aipatu zuenean eta historiaurreko diskurtsoa zerabilela leporatu zioten gainontzekoek.

Gaur bezalako egun batean, 1848ko otsailaren 21ean plazaratu zen Manifestu Komunista. Zuotako askok irakurria duzue Marx eta Engelsen lana eta gertatuko zitzaizuen noizbait testu hori aipatu eta beste mende batean bizi zaretela entzun behar izatea; proletarioa aspaldi desagertu zela eta egungo langileriak ez duela Marxen garaikoarekin zerikusirik.

Jakina garaiak aldatu direla eta badakigu moldatzen ere. Beste mende bateko zerbait izatekotan, hor dira administrazioek onartzen dituzten lana erregulatzeko espedienteak edo lan-erreformak ahalbidetzen dituen basakeriak. Honen eragileek badute bere manifestu propioa eta garai batekoa dirudien propaganda-bideak erabiliz, euren diskurtsoa nonahi zabaltzen ari dira arrakasta osoz.

Gaur bezalako egun batean argitaratu zen Manifestu Komunista eta kasualitatea-edo, gaur bezalako egunean hil zuten Malcom X. Egun, apenas topatzen dugu Marx eta Engels irakurri duen proletariorik eta asko dira, ordea, lan-egoeraren errudunak markatu nahian, beltzak guretik at bidali behar dituztela uste duten langileak.