GARA > Idatzia > Euskal Herria

Polizia espainol eta guardia zibilak gutxitzeko eskatuko dio sailburuak ministroari

Lakuako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak atzo berretsi zuenez, Polizia espainola eta Guardia Zibila EAEtik erretiratzeko eskatuko dio Espainiako Barne ministroari, «gauden unera egokitzeko».

GARA | BILBO

Euskal Herrian dauden milaka poliziakide eta guardia zibilen kopurua murrizteko eskatuko dio Lakuak Madrilgo Gobernuari. Estefania Beltran de Heredia kontseilariak berak baieztatu zuen Jorge Fernandez Diaz ministroari egingo zaion eskakizuna. Gasteizko Gobernuko Segurtasun arduradunak adierazi zuenez, datorren martxoaren 6an Espainiako Barne ministroarekin izango duen batzarra baliatuko du indar armatuak «gauden momentu historikora eta konpetentziek zehazten duten arlora egokitzeko» eskakizuna egiteko.

Beltran de Herediak argi utzi zuenez, indar armatuen murrizketa edo atzera-egitea «Gernikako Estatutuan onartuta dago, berak ezartzen baititu indar polizial bakoitzaren funtzioak eta lan-eremuak».

Azken datuen arabera, 8.000 ertzain daude EAEn, 3.060 guardia zibil eta 1.520 polizia espainol. Kontuak eginda, eta udaltzainak zenbatuta, ia 15.000 poliziakide daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoak; hau da, 6,9 polizia mila biztanleko, Europako tasarik altuena. Aspaldi ezaguna da hau, baina ETAk borroka armatua behin betirako utzi ondoren ere Gobernu espainolak ez du agertzen kopuru hori gutxitzeko asmorik.

Duela bi aste, Estefania Beltran de Herediak Gasteizko Legebiltzarrean bere asmoen berri eman zuenean, Carlos Urquijo Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariak erantzun zion. Honelakorik esatea «ardugabekeria handia» zela ziurtatu zuen PPko ordezkariak.

ESTATUTUAn

Lakuako Segurtasun sailburuak adierazi zuenez, indar okupatzaile horiek erretiratzea «Gernikako Estatutuan jasota dago». Egoera ekonomikoa eta testuinguru politiko berria ere faktore garrantzitsuak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo