Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Enplegua I
Euskal Herrian ez daukagu ahalmenik benetako enplegu politika bat garatzeko. Lana arautzeko ahalmena, lan harremanen erregulazio osoa estatuen menpe dago. Politika pasiboak bezalaxe
Enpresa aktibitate ekonomikoaren eta herritar guztien ongizatearen funtsa da», esan zuen lehengo egunean Bizkaiko patronaleko presidenteak. Lujua, Confebaskeko presidentea ere, jo eta fuego dabil azkenaldian errepikatzen enpresak herritar guztionak direla eta enpresak direla enplegua sortzen dutenak; hortaz, lagundu eta babestu beharreko gauza ei dira. Ildo komunikatibo oso bat abiarazi dute, enplegua suntsitzen duen lan erreformaren aldeko ekinbide ildo oso bat abiaraztearekin batera, jakina.
Kezkaturik daude. Hankatxoa ikusten zaie. «Enpresaburu» berbak sasoi batean hainbat txolinentzat nolabaiteko xarma lortu zuen: edozein tailer, denda edo jatetxe txikitako jabeak, jabe eta langile izateari utzi eta «enpresaburu» titulua ipintzen zion bere buruari. Baina gaur da eguna benetako enpresaburuak zeintzuk diren eta zelakoak diren ikusten ari dena mundu guztia, gaur da eguna egunkarietako orrialdeak betetzen dituztena kaleratze, espediente eta familia osoen bizi apurtuek.
Enpresak ez dira GKEak. Enpresarien helburua ez da enplegua sortzea, etekin ekonomikoa ateratzea baino. Eta etekin ekonomiko hori ateratzeko, jakina, produkzioa behar da, eta horretarako, jakina, produzituko duten langileak. Langileetan daukaten kostua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa irabazia. Puntu.
Krisiaren hasieratik etengabean dabiltza errepikatzen enplegua sortzeko ekonomia berpiztu beharra dagoela. Zati batean egia da hori. Baina ez da egia borobil eta bakarra. Ekonomia suspertzeko kalitateko enplegua sortu beharra dago. Eta hori bai dela conditio sine qua non. Bestela, momentu honetan sarturik gauden gurpil zoroaren irteerarik ez dugu topatuko sekula:
Enplegua deuseztatzen da, eta beraz, kontsumoa jaisten da. Kontsumoa jaisten da, eta beraz, alboko negozioak ixten ikusten ditugu. Langabezia gehiago. Zerga bilketa jaisten da, batez ere pairatzen dugun sistema hau langileok ordaintzen ditugun zergetan oinarrituta egonda; beraz, diru publikoa jaisten da. Domino efektu hau kontuan hartzen ez duen edozein enplegu politika partxe hutsa baino ez da izango, edo alde enpresarialari baino ez dio mesede egingo. Eta hori ez diot nik, hainbat ekonomialari ere esaka dabiltza aspalditik. Hala ere, ez omen dira aditu hauen adierazpenak banketxe eta enpresa handien adierazpenak bezain ozen entzuten.
Gaur berton Iruñeko Parlamentuan enpleguaren inguruko pleno monografikoa dago. Gasteizkoari martxoaren 8an tokatzen zaio. Esan gabe doa bertan eztabaidatuko edo planteatuko diren hainbat neurri arestian aipatutako partxe hutsak baino ez direla izango. Eta arrazoi oso sinple batengatik. Askok ez daukate inolako asmorik egiten diren politikei buelta emateko, baina, edozein kasutan ere, korapilo nagusia askatu barik daukagu: Euskal Herrian ez daukagu ahalmenik benetako enplegu politika bat garatzeko. Lana arautzeko ahalmena, lan harremanen erregulazio osoa estatuen menpe dago. Politika pasiboak bezalaxe.
Edo korapilo hori askatzen dugu edo Nafarroako Enplegu Zerbitzuko eta Lanbideko ilarak bukaezinak izango dira.