Mexikon 25.000tik gora desagertu egon litezkeela adierazi du HRWek
Human Rights Watch-ek Felipe Calderonen gobernupean, 2006tik 2012ra, 249 lagunen desagertzea dokumentatu du. Salatu zuenez, segurtasun indarrek gutxienez 149 desagerpenekin zerikusia izan zuten. Iturri batzuen arabera 25.000tik gora desagertu direla ohartarazi zuen.
GARA |
Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak Felipe Calderonen gobernupean ehunka desagertu egon zirela eta segurtasun indarren inplikazioa izan zutela salatu du «Mexikoko desagertuak: Kontuan hartu gabeko krisiaren kostua» txostenean.
2006tik 2012ra 249 desagerpen kasu bildu dituela adierazi zuen eta segurtasun indarrek gutxienez horietako 149rekin zerikusia izan zutela nabarmendu zuen. Dena den, desagertutakoen kopurua askoz handiagoa izan daitekeela ohartarazi zuen. «249 desagertze horiek ez dira inola ere kasu guztiak. Estatistika ofizialek islatzen dutenez, milaka daude. Are gehiago, 2012ko azaroan jakitera eman zen zerrenda baten arabera, 2006tik hona 25.000tik gora lagun desagertu dira», esan zuen.
«Desagerpenak Calderonen gobernuarekin hasi ziren arren, fenomeno hori ez zen amaitu gobernu aldaketarekin. Oraindik ez dituzte aurkitu desagertutako milaka pertsona. Soldadu eta polizia askok ez dute egia esaten eta desagertutakoen senideek sufritzen jarraitzen dute ez dakitelako deus ere haiei buruz», eman zuen aditzera.
«Nola edo hala, segurtasun indar guztiak -Armada, Itsas Armada eta polizia desberdinak- inplikatuta egon dira eta hori agerian uzten duten frogak ditugu. Operatiboen handitasuna, bertsioen arteko kontraesanak eta desagerpenak nola gertatu ziren kontutan hartuta, planifikatuta eta koordinatuta egon zirela ondoriozta dezakegu. Beste batzuetan, argi gelditu da Estatu mailako poliziek gaizkile taldeekin zuzenean kolaboratu zutela desagerpen horietan edo senideei xantaia egiterakoan. Adibide bat aipatzearren, Nueva Leonen, Arrantzarako Poliziak 19 langile atxilotu zituen modu arbitrarioan 2011ko maiatzean. Geroztik, ez dago langile horien arrastorik», nabarmendu zuen.
Ikerketa eza ere salatu zuen gobernuz kanpoko erakundeak. «Askotan, gainera, administrazioko langileek senideei errua biktimarena dela esaten diete zeharka eta ikertzeko ardura beraiena dela. Eta Fiskaltzak neurriren bat hartzen duenean -oso gutxitan gertatzen den zerbait-, atzerapenak eta hutsegiteak egon ohi dira», gaineratu zuen.
«Beraien lanari esker, biktimek zituzten zerbitzu sozialak ere galtzen dituzte askotan senideek. Horiek berreskuratzeko tramite luzeak eta garestiak egin behar dituzte», esan zuen.
HRWek gogor kritikatu zuen Calderonen gobernuaren jarrera; izan ere, «denbora luzean segurtasun indarrek giza eskubideak urratu izana ukatu zuen. Soilik bere agintaldiaren azken urtean onartu zuen gehiegikeriak egon» zirela.
«Latinoamerikaren historian desagerpenei dagokienez izan den kriasialdi larriena du esku artean Peña Nieto presidenteak», ohartarazi zuen HRWen Amerikarako zuzendari Jose Miguel Vivancok.