GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zundaketak egitera joandako bi langile atxilotuta, jabetza pribatuan bortxaz sartzeagatik

AHT linea berriaren ibilbidean baimenik gabe zundaketak egitera joanak ziren Belgikako bi langile atxilotu zituzten atzo Biriatun. Nivelle-Bidassoa elkarteak kereila pausatu du kalte morala eta materiala salatuz.

p016_f02.jpg

Ainize BUTRON | BIRIATU

Goizeko bederatziak ziren atzo Biriatuko Aruntz izeneko bideko lurren jabeak txaleko laranjak soinean zituzten bi langile lanean ikusi zituelarik.

Jabeak ez zuen aurretik abisurik jaso, eta, mesfidaturik, polizia eta AHT linea berriaren proiektuaren aurkako Nivelle-Bidassoa elkarteko militanteei deitu zien berehala.

Orotara, hogei bat herritar hurbildu ziren, eta langileak galdekatuta, zundaketetan jarduten den enpresa D2S International-entzat lan egiten dutela jakin zuten. Horretaz gain, RFFren (burdinbide sarea kudeatzen duen enpresa) manua zutela esan zieten.

AHTren aurkariek langileen lana oztopatu zuten, eta jendarmeriak, berriz, bi langileak atxilotu zituen. Goizean bertan, Hendaiako polizia-etxera eraman zituzten galdekatzera.

Bi langileek ez zituzten zundaketak egiteko legez ezinbestekoak diren Herriko Etxearen eta Prefeturaren baimenak.

Nivelle-Bidassoa elkarteak lurren jabearekin batera kereila pausatu zuen atzo arratsaldean jasandako kalte morala eta materiala salatzeko.

Kereila jarriz, euro sinboliko baten ordainketa eta legez kanpo egin den zundaketa horretan bildu diren datu guztiak deuseztatuak izatea eskatzen dute.

Gertakari horri dagokionez, Pantxo Tellier Nivelle-Bidassoa elkarteko lehendakariak RFFk erabiltzen dituen metodoak salatu zituen eta herritarrei mobilizatzen jarraitzeko deia zabaldu zien.

«Langileek jabeekin kontaktuan jartzeko eta baimena eskatzeko manua zeukaten, baina jabeen nortasunari buruzko zehaztasunik ez zietenez eman ezin izan zuten egin. Horrek argi uzten du RFFk indarrez sartzeko asmoa duela, horretarako, legez kanpo jardun behar badu ere», nabarmendu zuen Tellierrek. Biriatuko Herriko Etxeak, D2S sozietatearen mezu elektronikoa eskuratu zuen joan den astean. Horren bidez herriko lurretan lanean arituko zela jakinarazten zuen enpresak, baina noiz eta zertarako aipatu gabe.

Zundaketak gibelatuak

Atzo gertatutakoak harridura piztu zuen, AHT linea berriaren proiektuaren baitan, RFF egiturako arduradunek zundaketa geoteknikoak baliagarritasun publikorako inkesta egin ondoren abiatuko zituztela jakinarazi baitzuten. Inkesta hori, izan ere, 2013ko bigarren seihilekotik goiti egitekotan dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo