Maider Eizmendi Kazetaria
Elur kontuak
Ezagutzen ditudan metereologia fenomenoen artean, ederrenetakoa iruditzen zait elurra. Agian gainerakoak baino gutxiago ezagutu dudalako, oroimenean ondo iltzatuta ditut elurraren karietara bizitako pasadizoak.
Ez dakit zein adinekin ikusiko nituen erortzen lehen malutak, baina ondo gogoan daukat zazpi edo zortzi urte nituela goiz batean jaiki eta ataria erabat elurtuta ikusi nuen batean zer-nolako zirrara sentitu nuen. Goiz hartan ez zen nagirik, gosaldu, jantzi eta leihotik ikusitako hura ukitzeko irrikitan inoiz baino goizago abiatu nintzen eskolara bidean. Gogoan dut halaber, aurrekoek egindako bidearen gainean eman genituela pausoak, ez irrist egiteko baino, irudi hura inola ere zapuztu nahi ez genuelako. Artilezko eskularruak erabat bustita genituela iritsi ginen ikastetxe atarira jolasean eta muturtuta sartu ginela atetik aurrera. Horrenbesteko madarikazio pila jasotako ikastetxeko berogailuek, ordea, berebiziko eguna eman ziguten opari, gau hotz hartan izorratu eta eskolan jai egun eman ziguten, izan ere. Liburuak etxean utzi eta segidan hartu genituen gure lerak, erditik ebakitako zabor poltsa inprobisatuak. Orduak eman genituen etxe ondoko malkartxo batean gora eta behera; erreparorik gabe hasieran, soiltzen joan ziren elur guneak harrapatu nahian beranduago. Hilabeteetan egon zen guk egindako triskantzaren seinalea malkarrean, belarrari ere kosta zitzaion-eta hain zanpatutako lurrean lekua egitea.
«Elurra ikusi nahi duzula?» galdetu zidan beste behin aitak elur malutek etxe ataria ez zutela zuritzen kexu entzun ninduenean. Autoa hartu eta elurra kentzen duten makinen atzean jarrita iritsi ginen amonaren etxera temati. Hura bai elur pila! Orduan ere besteek zabaldutako bidetik ibili ginen, baina beste erremediorik ez zelako. Sukaldera sartu bezain laster amonak eskaini zidan katilukada esne eta txurroez akordatzen naiz ondo; haien epelean leihotik elur malutak eder ikusten ziren.
Gerora besteak ere etorri dira: elurrari eskaintzen zaizkion orriak nola bete edota batera edo bestera nola iritsi pentsatuta arduratu izan naiz eguraldi iragarpena bakarrik entzunda; baina horiek arazoak ez direnak arazo bihurtzeko helduok dugun joeraren ajeak dira, polita izan zenak polita izaten jarraitzen duelako.