Metaleko hitzarmenaren alde protestak gogortzea aurreikusten du LABek
Metalgintzako 10.000 langile inguru hitzarmenik gabe gelditzeko arriskuan daudela-eta, herrialdeko itunaren aldeko atxikimendua neurtzeko sinadura bilketa egingo du LABek. Patronalaren blokeoaren aurrean, hurrengo urratsa protestak gogortzea dela adierazi du.
Iraia OIARZABAL | DONOSTIA
Metalgintzako hitzarmenaren negoziazioen blokeo egoeraren aurrean epeak ixten ari direla ikusita, patronala bere «erosotasunetik» mugitu beharraz ohartarazi du LABek. Jon Ander Goñi Metaleko arduradun nazionalak eta Alberto Cristobal Industria Federazioko interbentzio arduradunak atzo jakinarazi zutenez, sinadura bilketa bat abiatuko dute Metaleko EAEko enpresa guztietan hitzarmen sektorialaren aldeko atxikimendu «erreala» zein den neurtzeko.
Ildo horretan, kanpainaren emaitza «sendoa» izango den konfiantza osoa agertu zuten LABeko ordezkariek. Behin atxikimendu maila ezagututa, patronalarekiko konfrontazioan urrats berriak egiteko apustua egiten du sindikatuak, mobilizazioak areagotuz eta gogortuz.
Prozesu horretan bi data gorriz markatu ditu LABek. Lehena, apirilaren hasiera, sinadurak bildu eta, behin emaitzak aztertuta, hartu beharreko bidea zehazteko. Bigarrena, eta erabakigarriena, uztailaren 7ra bitartekoa. Egun horretan, herrialdeko hitzarmenek indarra galdu eta Estatukoaren menpe geratuko dira. Horregatik, negoziazioek aurrera egin dezaten, mobilizazioak eta presioa areagotu behar direla azpimarratu zuten.
Gutxieneko edukia
Erronka horren aurrean, herrialdeko hitzarmenen babesa posible dela aldarrikatu zuten eta adibide gisa Gipuzkoako Papergintza sektorekoa eta Bizkaiko gasolindegietakoa jarri zituzten.
Era berean, langileen lan baldintzak hobetzeko oinarrizko tresnatzat dute eskualdeko hitzarmena, enpresa mailan gutxieneko edukia ezartzen baitu. Lan erreformarekin enpresa mailako eremua bultzatzen dela ohartarazi zuten Goñik eta Cristobalek, «borrokatzeko gutxieneko eduki komuna ukatuz». Hortaz, herrialdeko hitzarmenak negoziazio ororen oinarri izaten jarraitu dezan, eremua blindatzeko beharra defendatu zuten. Hala izan ezean, metalgintzako 10.000 langile inguru hitzarmenik gabe geratzeko arriskuan daudela gaineratu zuten.
Bestalde, elkarlanerako deia egin zuen LABek, eta gogorarazi zuen sindikatu guztien ustez patronalak duela blokeoaren ardura.
Goñik azaldu zuenez, sinadura bilketan ez da LABen zigilua agertuko, helburua herrialdeko hitzarmenak ahalik eta babes zabalena jasotzea eta erantzun bateratua ematea baita.
Atxikimendu bilketaren emaitza aztertu ostean, mobilizazioak areagotzea planteatuko du LABek. Sindikatuak ez du baztertzen sektorean greba deitzeko aukera.