GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hauteskundeak Italian: blokeoa, paralisi politikoa eta hausnarketarako motibo frankoren emaitzekin

Italiako hauteskundeen emaitzetako datuek hausnarketarako motibo dezente utzi dituzte. Kanpaina hasieratik nabarmendu da Pier Luigi Bersaniren zentro-ezkerreko aliantzak irabaziko zituela, baina Italiako gizon aberatsenak, Silvio Berlusconik alegia, oso emaitza onak eskuratu ditu. Agintekeriak, eskandalu sexual eta hitz pozoitsuek ez dute askorik higatu, Italiatik kanpo ulertezina suertatu arren. Boto-emaileen babes ikusgarria eskuratuz, bestalde, bere burua ohiko politikarien aurkakotzat jotzen duen Beppe Grillo komediantea ageri da. Azkenik, inork aukeratu ez zuen lehen ministro ohia, Mario Monti teknokrata, porrot ikusgarria eskuratuta. Argazki bihurria utzi dute, beraz, hauteskundeok. Batetik, Berlusconi indartsu bueltatu da, horrek duen esanahiarekin. Europako hirugarren ekonomian, bestetik, Greziakoaren traza duen blokeoa ageri da horizontean, eta horrek alarma gorriak piztu ditu. Grilloren emaitzek, azkenik, antipolitikaren eta populismoaren gorakada nabarmena darakuste. Faktoreok gobernagarritasuna kinka larrian uzteaz gain, Italian paralisi politiko eta instituzionala ate joka dela erakusten dute, eta ataka horretatik ateratzen ez dutela lan makala izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo