Ikuskariak proposaturiko irakasle postu antolaketa salatu dute sindikatuek
A.B. | BAIONA
Departamenduko Akademia Ikuskaritza eta irakaskuntzako sindikatuak biltzen dituen batzorde tekniko berezia bildu zen atzo Pauen, datorren ikasturteari begirako Eskola Kartaz eztabaidatzeko. Eskola publikoetako irakaskuntza postuen sorrera eta galera finkatzen ditu eskola kartak. Atzo zabaldu zituzten lehen datuen arabera, Ipar Euskal Herrian ez da sortuko irakasle lanpostu berririk, baina mugimenduak izango dira.
Bilkuran parte hartu zuen Mathilde Blanchard SNUIPP sindikatuko kideak esan zuenez, ikuskariak egindako proposamena onartezina da. «Lanpostu mugimenduak izango dira, eta ikuskariak egiten duen proposamenaren arabera, galtzaile handiak ama eskolak izango dira», salatu zuen. Izan ere, antolaketa berriaren arabera Angelu eta Baionako Les Arenes bezalako ama eskoletan hogeita hamar ume inguruko gelak izateko arriskua dago. Bestalde, Barkoxe eta Heletako eskoletan irakasle postua galduko dutenez, ume guztiak gela bakarrean geratuko lirateke. UNSA eta SNUIPP sindikatuek Philippe Couturaud ikuskariak egindako proposamenaren aurka bozkatu zuten.
Bigarren bilera
Sindikatuek aurka bozkatu dutenez, Philippe Couturaudek batzorde teknikoaren beste bilera bat egin beharko du. Bitartean, ostegunean, guraso elkarte eta hautetsiek osatzen duten batzordearekin bilduko da ikuskaria. Bilera horren karietara, guraso elkarteek Eskola Karta berria salatzeko elkarretaratzea egingo dute Paueko Prefeturaren aitzinean.