Korrikari buruzko unitate didaktikoa aurkeztu dute, ikastetxeetan lantzeko
M.P | BILBO
Martxoaren 14an abiatuko den Korrikaren hamazortzigarren edizioaren harira Euskal Herriko ikastetxeetan landuko duten unitate didaktikoa aurkeztu zuten atzo AEK-k eta Ikastolen Elkarteak. Adierazi zutenez, lanketa honen bidez, Korrikaren izaera kaleetatik geletara eraman nahi dute, «gaztarotik euskararekiko kontzientzia kolektiboa pizteko».
Unitate didaktiko hori zenbait etapatan banatuko da, adinaren arabera egokituta. Haur Hezkuntzan, adibidez, ipuina izango da estrategiaren ardatza, eta labezomorroa izango da pertsonaia nagusia.
Lehen Hezkuntzako etapa, halaber, beste hiru tartetan banatuko da. LH-ko lehen zikloan, labezomorroaren inguruko lanetaz gain, familiaren inplikazioa bilatuko da, «Zer da Korrika?» galdera planteatuz.
Bigarren zikloan eta hirugarren zikloan bestelakoa izango da lana. Azken ziklo horretan, esate baterako, ipuinak landuko dituzte, baina ezohiko ikuspuntutik: ikasle horiek kontatuko dizkiete ipuinak Haur Hezkuntzako umetxoei. Euskarekiko konpromisoa indartu nahi dute era honetan.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ekintzak bestelakoak izango dira. LipDub-ak eta jinkanak antolatuko dituzte, betiere «euskararekiko hausnarketa bultzatuz». Lekuan lekuko Korrika Txikiak indartzeko asmoa ere badute.