Floren Aoiz www.elomendia.com
Nork nahi du erabakitze eskubidea?
Finean, dagoen lekura iritsi da Jimenez PSOEren barnean erabakitzeko eskubidea erabat bahituta dagoelako. Aske erabakitzeko aukerak baleude nekez jarriko lirateke ados PSNko kide guztiak halako tipo bat izendatzeko
PSN erabakitzeko eskubidearen kontra dago. Argi eta garbi. Ez dakit zalantzarik ote zegoen, baina, badaezpada, Roberto Jimenezek uxatu ditu.
Trantsizioari buruzko mahai inguru batean topo egin nuen nik aspaldi Roberto Jimenezekin. Iruñeko peña batean izan zen eta oraindik ez dut ulertu nola onartu zuen bere gaitasunetik hain urrun gelditzen zen erronka honi erantzuten saiatzea. Eskaini zigun espektakulu tamalgarria ez dut ahantziko, zinez. PSOEk Franco hil ondotik izan zituen jarrera aldaketak aipatu zirenean ukatu egin zituen, agerian utziz ez zuela bere alderdiaren ibilbidea ezagutzen ere. Oro har, nabarmena izan zen politikari harroputza bezain jakingabea zela ordurako. Edonola ere, goraka zihoan mediokritatearen erresuman, eta dakigunez, goraino iritsi da.
PSNren buru izendatu zutenean, harrituta gelditu nintzen. Ez zegoen hautatzeko aukera handirik, badakit, baina oso-oso lurperatuta egon behar zen alderdia agintaritza bere eskuetan uzteko. Egin zuten, berriz, eta emaitzak denon begi bistan daude.
Kazetarien harridurarako, nafar Gobernuaren kontra mintzatzen zen nafar Gobernuko lehendakariordea zela pasadizo oroigarriak eskaini zizkigun. Askok ez genuen konprenitzen nola iritsi zen halako arduretara, berriz. Robertiko nafar Gobernuan, noiz eta PSN erabat ukituta egonik! Barcinak antzarak ferratzera bidali zuenean, afera politikoak alde batera utzita, une batez sikiera, ulertu nuen. Barcina ez dut gustuko (ez dut esan beharrik, ezta?), baina Jimenez jasatea ezin daiteke erraza izan.
Jimenezek ez zuenez bere lekua hautatzeko gaitasunik, beste batzuek hartu behar izan zuten erabakia bere ordez.
Agian horregatik, hau da, erabakitzeko gaitasunik ez duelako, dago erabakitzeko eskubidearen kontra. Hori ulergarria litzateke, erabakitzeko eskubidea zama pisuegia bailitzateke ezer erabakitzeko gai ez direnendako. Pentsa ezazue, esaterako, berak erabaki behar duela Nafarroako estrategia politikoa Ferrazekoen agindurik gabe, «Diario de Navarra» eta bestelako agintari faktikoen irizpiderik gabe. Are makurrago, irudika dezagun zuzendaritza formalean agertu gabe PSNn agintzen dutenen aholkurik gabe erabaki behar duela! Ez dakit zuek, baina Jimenez bera zorabiatuko litzateke, hau dena pentsatuz gero. Ez, ez, hobe erabakitzeko eskubidea baztertzea.
Ni, alta, erabakitzeko eskubidearen aldekoa naiz. Baita Jimenez eta Jimenez bezalakoen eskubidearen aldekoa ere. Erabakitzeko eskubidea demokraziaren oinarria da. Herriak ez badu erabakitzen, nork erabakitzen du? Eskubidearen ukapenak zer dakarren ez digute azaldu nahi, baina argi dago, Jimenez eta bere kastakoak ez daude erabakitzeko eskubidearen kontra, herriaren erabakitze eskubidearen kontra baizik.
Erabakitzeko ahalmena gutxi batzuen eskuetan gorde nahi dute, hor dago koxka. Finean, dagoen lekura iritsi da Jimenez PSOEren barnean erabakitzeko eskubidea erabat bahituta dagoelako. Aske erabakitzeko aukerak baleude, nekez jarriko lirateke ados PSNko kide guziak halako tipo bat izendatzeko. Ulergarria da, honenbestez, erabakitzeko eskubidearen kontra agertzea!