Herri Urratsek hogeita hamar urte beteko ditu maiatzaren 12an Senperen
Ainize BUTRON | BAIONA
«Hogeita abar urte...» lemarekin agertuko zaigu datorren maiatzaren 12an, Senperen, Ipar Euskal Herriko ikastolen besta.
Bixente Hirigarai baigorriarrak asmaturiko lema horren bidez, aurtengo 30. urteurrena zoritxarrez euskararen ofizialtasunera iritsi arte oraindik beste hainbat urte bete behar izango dituztela adieraziz ospatu nahi izan dute antolatzaileek.
«Zoritxarrez euskara eta euskaraz ikasteko baliabideak ez dira oraindik segurtatuak erakunde publikoengandik», nabarmendu zuen Alain Boscq Herri Urratseko lehendakariak.
Ur Gorostiaga Seaskako zuzendariak, bestalde, Alain Boscqen erranak berretsi zituen berriki Hendaiako ikastolarekin gertatutakoa gogora ekarriz, eta «legez, ikastolak eraikitzeko trabak» dituztela gogorarazi zuen.
Horretaz gain, Patxi Lopez Gasteizko Gobernuko lehendakari ohiak hitzemandako 400.000 euroak oraindik ere ez dituztela eskuratu ere salatu zuen zuzendariak. «Egoera kezkagarria da lanak abiatu baititugu», esan zuen, ondoko asteetan Lakuako Gobernuarekin bilkura zutela argituz.
Halere, oztopo guztien gainetik, aurtengo edizioa baikortasun adierazle ere bada 3 zenbakiari esker; 2013. urtean kokatzeaz gain, Seaskak 30 ikastolatan banaturiko 3.000 ikasle biltzen baititu.
Ipar Euskal Herrian euskalduntzeko bide bakarra ikastolak direla kontuan harturik, ikastolen garapenerako Herri Urratsek garrantzia handia duela adierazi zuten antolatzaileek.
Xutik taldea
Horrenbestez, Euskal Herriko herritar guztiak, ikastolak sostengatzeko, Senpereko aintzirara hurbiltzera animatu zituzten. Bestaren mezua zabaltzeko Baigorri eskualdeko Xutik musika taldearen laguntza izango du Herri Urratsek, beraiek baitira aurtengo edizioko abestiaren egileak. Taldea Senpereko aintziran izanen da maiatzaren 12an, kontzertua eskaintzeko.
Egitarau orokorrari dagokionez, Alain Boscqek ez zuen xehetasunik eman, oraindik datorren astean «guztia finkatzeko» azken bilera egin behar dutelako.
Halere, guneetan toki aldaketak izango direla, eta animazio ezberdinetan hizkuntza gutxitu guztiak ordezkatuak izango direla jakinarazi zuten.