GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Aizkorako finala

Oraingoan bikoteren bat galdu beharrean izango da

Floren Nazabal eta Jose Anjel Zubiaga Unai Otaño eta Joseba Otaegi egungo txapeldunen aurka neurtuko dira Azpeitian.

p046_f01_148x140.jpg

Jon LEUNDA

Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko da bihar 12.00etatik aurrera Urrezko Aizkorako finala. Unai Otaño eta Joseba Otaegi, egungo txapeldunak, Floren Nazabal eta Jose Angel Zubiagaren aurka neurtuko dira.

Ez da ezusterik izan, eta hasieran faboritoak ziren bi bikoteak izango dira txapela lortzeko lehian. Hemen faborito zein izango den jakitea zailagoa da, nahiz eta Nazabal tartean egonda, bera agertzen den, zaleen ustez, txapela lortzeko faboritoa, Zubiagarekin batera.

Txapelketa bikaina eginda iritsi dira azkeneko ekinaldi honetara bi bikoteak. Jokatutako saio guztiak irabazi egin dituzte. Bai lehen faseko bi neurketak, baita finalerdietako biak ere. Urrezko Aizkora honetan lau aizkolariek oso itxura ona emandakoak eta lan handiak egindakoak dira. Floren Nazabal Buruz Burukoan txapela jantzitako aizkolaria da, baita binaka ere, behin baino gehiagotan, gainera. Zubiagak, berriz, iaz irabazi zuen Zilarrezko Mailakoa. Beste aldean Otaegi eta Otaño izango dira, eta hauek iaz jantzi zuten oraindik beraiena den txapela.

Lana

Orain arteko probetan bezalaxe, ohikoena lehia iraupen proban erabakitzea da, baina oraingoan aurrekoetan baino lan luzeagoa ere bada eta tartean aldetxoak ere egon litezke, batez ere zutik jarritako enborretan. Orain arte ez bezala, oraingoan 60 ontzakoa erdibitu beharko dute, eta horko lana erabakigarria izango ez bada ere, bikoteren batek epaiarekin asmatzen ez badu, bakarren bati bidea leundu diezaioke.

Hasiera, orain arte bezala, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izango da. Jarraian, erlojuz kontra bi 45 ontzako erdibitu beharko dituzte, bakoitzak bat. Hirugarren lanean, zutik jarritako 60 ontzako enborra ebaki beharko dute. Laugarren saioan, bi 60 ontzako moztu beharko ditu bikote bakoitzak, aizkolari bakoitzak bat ebaki beharko du.

Bosgarrengoan, proba mistoa izango dute, eta hor bikote bakoitzak 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste etzaniko kana-erdiko bat moztu beharko du. Azkenik, lau kana-erdiko eta lau 60 ontzako txanda librean ebaki beharko dituzte.

Finalean, gainera, datu bitxi bat ere izango da, Hego Euskal Herriko lau herrialdeak ordezkatuta egongo baitira. Gipuzkoak bi ordezkari izango ditu, eta bana Nafarroak eta Arabak.

Finalak berak, gainera, ikusmin handia piztu du, eta Izarraitz pilotalekuko harmailek oso itxura ona izango dute. Nazabalek oraindik izen handia dauka, eta bi gipuzkoarrak mailarik gorenean dabiltzala kontuan hartuta, galdu ezin den zita da askorentzat.

Kañamares III.a eta Jauregi dira Zilarrezko Mailakoan faborito nagusiak

Bihar Azpeitian ez da erabakiko Urrezko Aizkorako finala bakarrik, Zilarrezko Mailakoa ere bertan erabakiko baita.

Kañamares III.a eta Jauregi Daniel eta Iker Vicenteren aurka neurtuko dira. Lehen bikotea da garaipena lortzeko faboritoa, baina Otsagabikoekin kontuz ibili beharko dute. Daniel Vicente da denetan eskarmenturik handiena duen aizkolaria, eta bera izan daiteke aldeak markatuko dituena.

Hemen ere bikote bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu, eta denetatik izango da, nahiz eta Urrezko Mailakoa baino arinagoa izan. Amaieran iraupen probako saioarekin bukatuko dute finala. J.L.

Faboritoak

Nazabal tartean egonda, bera eta Zubiaga dira txapela lortzeko faboritoak. Hala ere, ez da ahaztu behar Otaegi eta Otaño direla txapeldunak, eta horiek ere ez dutela orain arte saiorik galdu.

Lana

Orain arteko neurketetan baino lan luzeagoa egin beharko dute denek. Ohikoena lehia iraupen proban, azkenekoan, erabakitzea da, baina tartean ere izan liteke aldetxoren bat edo beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo