GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lakuak oso gaizki jokatu du Hellinen kasuan

Emilio Hellin, duela 33 urte Yolanda Gonzalez deustuarra hiltzeagatik 43 urteko kartzela zigorra ezarri ziotena, espainiar segurtasun indarren prestakuntza lanetan dabilela argitaratu ondoren, egunkari honek Gasteizko Segurtasun Sailera jo zuen, Ertzaintzak ere Hellinekin harremanik izan zuen galdetzeko. Jasotako erantzunaren arabera, sail horrek ez zuen topatu Hellinekiko eta hark lan egiten zuen enpresekiko harremanik. Atzo, ordea, EH Bilduk horren gainean egindako galderari erantzun beharreko bezperan, Estefania Beltran de Heredia sailburuak aitortu zuen 2008an Hellinek zenbait ertzaini ere eman ziela prestakuntza ikastaro bat. Kontu eskandalagarria da instituzio espainiarrek ultraeskuindar horrekin harremanak izatea, eta are eskandalagarriagoa Ertzaintzaren eta haren artekoa. Lakuako Gobernuak oso gaizki jokatu du momentu oro kontu horri dagokionez. Lehenik, Ertzaintzako kide horiek ikastarora eramateagatik, prestatzailearen gaineko informazioa bildu gabe, baina baita ultraeskuindar horrek espainiar polizien prestaketa lanetan ziharduela argitaratu ondoren azalpenik ez emateagatik ere, alegia, egia ezkutatzen saiatzeagatik.

Azken hauteskunde kanpainan polizia ereduaren gaineko eztabaida mahai gainean jarri zuten zenbait hautagaik, eta Hellinen kasu negargarriaren berri izanda, are nabarmenagoa da beste eredu baten beharra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo