GARA > Idatzia > Euskal Herria

Indartsu hasi da Tolosan Gipuzkoa Encounter

GARA | TOLOSA

Gipuzkoa Encounter ordenagailuzaleen eta informatikako profesionalen bilkura zabala egiten ari dira Tolosako Usabal kiroldegian egunotan. Atzo goizean ireki zituen ateak informatika arloko askotariko ekintzak egiteko espazioak, eta igande arratsaldeko bostak arte egongo da zabalik. Sarrerak guztiak agortu dira. Topaketa honen zazpigarren edizioan bildutako 450 ordenagailuek, hiru egunez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako «superordenagailu handienari aurrea hartuko diotela» azaldu dute antolatzaileek. Ekipo hauek osatzen duten sare indartsuak 700 terako disko gogorra, 4.500 GHz-ko prozesatze-gaitasuna eta 1,8 terako RAM memoria ditu.

Inaugurazioan, Lakuako, Gipuzkoako Aldundiko, Tolosako Udaleko eta Euskalteleko arduradunek Gipuzkoa Encounterren osasun bikaina nabarmendu zuten, eskainitako eserlekuak bi minutu eta hogei segundoan erreserbatu baitziren. Gainera, topaketak parte-hartzaileen garapen profesionala sustatzeko ahalmena duela adierazi zuten. Izan ere, partaideek ezagutzak trukatzeko aukera dute eta euren sormena informatikaren eta bideo-jokoen sektorearekin lotutako enpresa proiektuetara bideratzeko laguntza dute.

Gaur tailer eta hitzaldi anitz egingo dituzte genero parekidetasunaren eta bideo-jokoen inguruan, eta ordenagailu bidez soinu efektuak sortzeko ikastaroak ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo