GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Buruz Burukoa

Ezkurrak amaiera eman nahi dio Waltariren aginteari

Amerikarra eta lapurtarra bihar eguerdian neurtuko dira Baionako Modernen. Jaialdia 10.30ean hasiko da, eta bigarren norgehiagoka izango da beraiena.

p048_f01_199x136.jpg

Jon LEUNDA

Paxkal Ezkurra eta Agusti Waltari berriro ere nor baino nor arituko dira Buruz Buruko finalean, bihar eguerdian Baionan, Moderneko trinketean. Kubakoak bere seigarren txapela jantzi nahi du eta Urruñakoak, hirugarrena, nahiz eta bat EPBrekin jokatutakoa izan zen.

Amerikarra da irabazteko faborito nagusia, eta 100-10 egongo da dirua bere alde, nahiz eta hortik aurrerakoa lapurtarraren esku egongo den. Waltari estutzeko gai baldin bada, jendeak dirua jokatuko du, baina bestela ez du asko jokatuko.

«Galtzeko ez daukat ezer; beraz, alde horretatik oso lasai nator. Finalean sartzearekin oso gustura nago, eta partida on bat egiteko asmoarekin nator», esan zuen Paxkal Ezkurrak. «Nik ez dut begiratzen zenbatgarren txapela lor dezakedan, niretzat lehenengoa balitz bezala da. Badakit honek zer nolako garrantzia daukan, eta nik sekulako ilusioa eta gogoa dut», aitortu zuen Waltarik.

Amerikarra partida guztiak irabazita iritsiko da azken neurketa honetara, baina joan den asteko norgehiagokan zalantza batzuk ere sortu zituen. Dena dela, Waltarik horren arrazoiak ere argi eta garbi utzi zituen: «Hamar orduko bidaia batetik etorri nintzen larunbatean, eta nahiko nekatuta iritsi nintzen partidara. Egia da ez nuela nire neurketarik onena egin, baina Etxeberrik berak ere ez ninduen gehiegi estutu», esan zuen.

Ezkurraren bidea, ezberdina izan da. Finalerdietako ligan, bera zen azkeneko jardunaldian okerren zegoena, partida guztiak galduta iritsi baitzen azken norgehiagokara, baina sekulako itxura emanez Ozafraini irabazi, eta finalean sartu zen. Horrek sekulako konfiantza eman diola ere onartu zuen Urruñako atzelariak. «Egia esan, gauzak oso ongi atera zitzaizkidan Ozafrainen aurka. Banekien gauzak oso zail nituela, baina nik garbi neukan finalean sar nintekeela, eta lortu dut. Une honetan konfiantza handia dut neure buruan. Azkenaldian arazo asko izan ditut, lesio ugarirekin, baina orain oso ongi ari naiz entrenatzen, eta gauzak hobera joango direlakoan nago», zioen Ezkurrak.

Biharko finalaren aurrean, Waltarik garbi dauka zer egin behar duen. «Trinket hau oso bizia da, hemen pilotak sekulako abiada hartzen du, eta sakearekin min handia egiten da. Ni kintzea ahalik eta azkarren amaitzen saiatuko naiz», aitortu zuen. «Errestoan, ongi ibiltzea garrantzitsua izango da, baina baita ongi sakatzea ere, aukera dudanean, eta tantoa ongi dominatzea ere bai, horretarako aukera dudanean», zioen Ezkurrak. Ostegunean egin zuten material aukeraketarekin ere konforme geratu ziren bi pilotariak. Ohi den bezala, Waltarirenak biziagoak dira. Jaialdia, 10.30ean hasiko da, eta lehenengo amateurren norgehiagoka bat jokatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo